Mozorro originalenak ere saria izango du aurten Getariako San Silbestre lasterketan

Onintza Lete Arrieta 2022ko abenduaren 25a

Artxiboko irudian, korrikalari talde bat, mozorrotuta, Getariako San Silbestre saioan parte hartzen.

Urtea kirola eginez agurtzea ohitura bihurtu da herriz herri, eta kirolari umore puntua gehitzea ere gero eta sarriago ikusten da. Getarian, esaterako, biak uztartu nahi ditu udalak, eta 100dik gora sari zozkatzeaz gain, gizonezko eta emakumezko bizkorrenentzat ere egongo dira sariak, eta baita mozorro originalenarekin korrika egiten duen norbanakoarentzat edo taldearentzat ere.

Getarian ere egingo dute San Silbestre lasterketa urteko azken egunean, eta udalak bi alderdi sustatuko ditu: kirola batetik, eta umorea, bestetik. Horregatik, jakinarazi du 100dik gora sari zozkatuko dituztela aurten parte hartzaileen artean, eta eskerrak eman dizkie herriko enpresa, saltoki, taberna, jatetxe eta abarri, sariak eskaintzeagatik esku zabaltasunez.

Emakumezko eta gizonezko irabazleek ere beren saria izango dute aurten, eta baita mozorro originalenarekin parte hartzen duen norbanako edo taldeak ere.

12:00etan izango da lasterketa irekia, nahi duen herritar orok parte hartzekoa, eta ondoren ohiko helduen proba hasiko da.

Izena 11:00etatik 11:45era eman beharko da plazan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide