'Esperantzaren fruituak' dokumentala USBan eskuragarri dago

Onintza Lete Arrieta 2022ko abenduaren 22a

'Esperantzaren fruituak' dokumentalaren USBa. (Ane Azkue)

Getariako Arraun Elkartearen aurtengo denboraldi bikaina eta klubaren ibilbidea bera jasotzen ditu lanak, eta bost euroan dago salgai Getarian, Harritarte dendan. Komunikabide hau parte den Urolako Komunikazio Taldeak egin du ikus-entzunezkoa, Getariako Udalaren babesarekin.

Azaroan estreinatu zen Getariako Iturzaeta aretoan Esperantzaren fruituak dokumentala, komunikabide hau parte den Urolako Komunikazio Taldeak Getariako Udalaren babesarekin egin duen ikus-entzunezkoa. Getariako Arraun Elkarteko traineru nagusiak aurten egin duen denboraldi bikaina jaso da lanean, baita klubaren ibilbidea bera ere. Hogeita sei herritarren testigantzak jasota, 90 minutuko lan mardula da, eta estreinaldian bete egin zen aretoa, 200 lagunetik gora bertaratu baitzen.

Astebetera, Erlo telebistan estreinatu zen, eta Getariako Udalaren webgunean eta webgune honetan ere eman zen.

Orain, berriz, udalak ikus-entzunezkoa USBan eskuratzeko aukera jarri du, norberak nahi duenean ikusi ahal izateko. 50 ale daude eskuragarri Harritarte dendan, eta bost euroko prezioa du bakoitzak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide