Emakumeak protagonista dituen 2023ko egutegia ari da banatzen Getariako Udala herriko etxe guztietara

Onintza Lete Arrieta 2022ko abenduaren 8a

Getariako Udalaren egutegiko abenduko protagonistak. (Artzape)

Udalaren eskariz, Artzape arduratu da horma egutegiko argazkiak egin eta lana koordinatzeaz. Azala eta kontrazala Ane Azkuek egin ditu, eta Uxue Alberdik, berriz, argazkiei hitzak jarri dizkie.

Getariako Udala banaketa berezia ari da egiten egunotan etxez etxe: herriko hainbat emakume askotariko ofizio eta zereginetan erakusten dituen horma egutegia. Ane Loidi zinegotziak azaldu duenez, "Gabonen inguruan egin nahi zen banaketa, baina aurkezpena dagoeneko egin da [azaroaren 26an izan zen ekitaldia], eta jendea eskean zela ikusita, aurreratzea erabaki da".

Talde lanean egin dute horman zintzilikatzeko egutegia. Udalak ideia eta dirua jarri ditu –Espainiako Gobernuaren dirulaguntza bat baliatuta–, Artzapek herritarrak aurkitu, konbentzitu, eta argazkiak atera ditu, Ane Azkuek azala eta kontrazala egin ditu, eta Uxue Alberdik hitzak jarri dizkie irudiei.

Loidi oso gustura da emaitzarekin. "Aurreko urte amaieran hasi ginen ideiari bueltaka. Artzape herri aldizkariko kideei eskatu genien laguntza hau guztia aurrera ateratzeko, eta lanketa handia egin dute. Oso gustura gelditu gara emaitzarekin. Ia 70 emakumek parte hartu dute era batera edo bestera, eta saretze txiki bat egon da. Balorazioa benetan positiboa izan da".

Izan ere, egutegia aurkeztu zuten egunean bertan Getarian bizi diren hainbat jatorritako emakumeek prestatutako jakiekin azoka egin zuten, eta bost herrialdetako jakiak dastatzeko aukera izan zuten herritarrek: euskaldunena, senegaldarrena, errumaniarrena, irlandarrena eta txinatarrena.

Ahoa irekitzeko ordua

Intza Gurrutxaga Artzapeko kazetariak azpimarratu du "helburua emakumeen ahalduntzea sustatzea eta indarkeria matxistaren kontrako salaketa egitea" izan dela, eta egutegiko argazkietan saiatu direla aniztasuna lortzen, "bai adinari dagokionez, bai jatorriari dagokionez, zein afizio eta lanbideei dagokionez ere. Lanbide batzuk gizonezkoenak jo izan dira beti, eta saiatu gara ideia hori apurtzeko ereduak aurkitzen". Esaterako, portuan itsasontziei gasoila botatzen dien emakume bat ageri da egutegian, baita nekazari emakumeak eta kirolariak ere.  

Ane Azkue azalaren egileak, azkenik, honela azaldu du sortu duen irudiaren esanahia: "Kremailera batek zeharkatzen du egutegia, goitik behera, alderik alde. Itxita dagoen kremailerak irekitzeko gonbita iradokitzen du. Baina, zer irekitzeko? Ahoa. Askotan irudikatu izan dugu eskuarekin ahoa ixteko keinua, hau da, isilik egoteko keinua. Baina oraingoan, eskuak kremailerari gorantz egiten dio, ahoak zabaltzeko ordua dela intsinuatuz. Behin egutegia irekitakoan, eskua beherantz gelditzen da, ahoa zabaldu izanaren garaipena oihukatuz. Ez gara isilduko!".

Herriko emakume nekazariak dira uztaileko argazkiko protagonistak. (Onintza Lete Arrieta)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide