Herritarrak ohitura osasungarriak hartzera eta kirola egitera bultzatu nahi dituzte Getariako Udalak eta Getaitri trialoi klubak, eta egitasmo berria jarri dute abian. Hain zuzen ere, korrika taldean egiten hasteko deialdi zabala egin dute. Emakumeak zein gizonak, sekula ibili gabeak zein lehendik korrika egiteko ohitura dutenak; denak izango dira ongi etorriak.
Bi talde osatzeko asmoa dute, hasiberriena bata eta lagunartean lasterka gozatu nahi dutenena bestea, eta astean bitan gelditzeko asmoa dute: astearteetan eta ostegunetan, 18:30ean, hain zuzen. Talde bakoitzean bi laguntzaile izango dira parte hartzaileei behar dutenean laguntzeko. Aurreneko hitzordua biharko jarri dute: 18:30ean, Elkano monumentuan.