Martxan da Zarautz Jauregiko lanak adjudikatzeko lehiaketa

Aitziber Arzallus 2022ko urriaren 19a

Getariako Udalak ezohiko udalbatzarrean hartu du erabakia, EH Bilduren eta EAJren erabateko babesarekin. Urrats oso garrantzitsua dela diote denek.

Zarautz Jauregia eraberritzeko bidean beste urrats bat egin du Getariako Udalak. Eta ez nolanahiko urratsa. Izan ere, dagoeneko martxan da lanak adjudikatzeko lehiaketa publikoa. Horrenbestez, aurki erabakiko dute zein izango den eraberritzea gauzatuko duen enpresa, eta behin hori erabakita, obrak exekutatzea besterik ez da faltako.

Hain zuzen ere, Getariako Udalak ezohiko udalbatzarra egin zuen atzo, puntu bakarreko gai zerrendarekin: "Zarautz Jauregia eraikinaren obra arkitektonikoa —eraikinari berari eta beheko turismo bulegoa eraikitzeari dagokiona— esleipen publikora ateratzeko espedientearen onarpena". Eta EH Bilduren eta EAJren erabateko babesarekin eta aho batez, lanak adjudikatzeko lehiaketa abian jartzea erabaki zuen udalak.

Zarautz Jauregia eraberritzeko asmoa aspaldikoa den arren, bidean oztopo ugari izan ditu proiektuak, eta esan liteke, orain fruituak ematen ari den egitasmoa 2019an abiatu zuela udalak. Lan asko egin behar izan du ordutik, beste hainbat erakunderekin elkarlanean; besteren arten, eraikinerako ideia zehaztu, oinarrizko proiektu arkitektonikoa eta museografikoa idatzi eta finantzaketa lortu. Behin horiek lotuta, uztailean abian jarri zuen Zarautz Jauregiaren obra proiektua idatzi eta obra zuzendaritza zerbitzua gauzatzeko esleipen prozesua. Vaumm enpresari adjudikatu zizkion lan horiek, hura izan da exekuzio proiektua idatzi duena, eta, orain, martxan jarri berri duen lehiaketarekin, obra horiek gauzatuko dituen enpresa kontratatuko du udalak.

Vaumm enpresak idatzitako proiektuan jasotzen denez, obra arkitektonikoaren aurrekontua ia hiru milioi eurokoa izango da; zehazki, 2.890.769,78 eurokoa, BEZ barne. Kopurua handia da, eta udal aurrekontuaren %10 gainditzen duelako, udaleko osoko bilkurak du obraren kontratazio espediente osoa eta adjudikazioa onartzeko betebeharra. Hain justu, horretarako egin zuten atzoko ezohiko udalbatzarra.

Pozik, EH Bildu zein EAJ

Haritz Alberdi Getariako alkatearen (EH Bildu) irudiko, "urrats hau eman izana oso inportantea da, behea jota zegoen eraikin historiko bat berreraikiko delako". Esan du "pozik eta harro" daudela "eraikinak herriarena izaten jarraituko duelako eta herriari ere zerbitzua emango diolako". Alberdiren hitzetan, "gustua ematen du Udal Gobernuak hasieratik jarri zituen helburuak gauzatzen ari direla ikusteak".

Alkateak nabarmendu du Udal Gobernua 2019an hasi zela Zarautz Jauregia eraberritzeko proiektua lantzen. "Mundubiraren testuingurua aprobetxatuz, oinarrizko proiektua idatzi genuen, eta Jaurlaritzarekin eta Aldundiarekin konplizitatea eta sinergiak lantzen joan gara elkarlana eta konpromisoak posible izan zitezen". Alkatearen ustetan, elkarlan hori esker lortu dute proiektua finantzatzeko erakundeen konpromisoa, «eta horren ondorio da egitasmoak duen hanketako bat, proiektu arkitektonikoa, martxan jartzera goazela». Alberdik dio «hitz politak besterik ez» dituela egitasmoa aurrera ateratzeko lanean jardun diren eta lanean ari diren teknikari eta arduradun politikoentzat.

Aitor Urresti EAJren udal taldeko bozeramailea ere "oso pozik" dago lanen adjudikazioa lehiaketara atera dutelako. "Ikusi dugu urteen joanean nola joan den garatzen proiektua bera ere, eta orain sartuko ginateke prozesu luze honen bukaerako partean; oso pozgarria da hori". Dena dela, Urrestik ez du uste meritu guztia egungo Udal Gobernuari dagokionik; "izan ere, 2003an Zarautz Jauregirako lehen proiektua egin zenetik, aldaketa asko izan dira, kolore guztietako udal gobernuak izan ditugu, eta proiektu hau denon lanaren fruitua dela esango nuke".

Proiektuak izan duen oztopo nagusia finantzatzeko bideak topatzea izanik, Urrestik uste du Mundubiraren testuingurua primeran etorri zaiela Europatik datozen dirulaguntzak jasotzeko zein hemengo erakundeen inplikazioa lortzeko. "Hiru milioi euroko proiektua da eta Aldundiak eta Jaurlaritzak den-dena ordainduko dute, hori sekulakoa da; nik uste horrelako aukerak oso gutxitan sortzen direla, eta aprobetxatu beharra daukagula". Kexa bakarra du Urrestik, proiektua patxadaz aztertzeko denbora falta. "Ostegunean jaso genuen 2.000 orritik gorako txostena, eta astearterako erabaki behar genuen gure bozka; imajinatu zer-nolako lau egun pasatu ditugun".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide