Umeekin egiteko bi tailer antolatu ditu Balentziaga Museoak

Onintza Lete Arrieta 2022ko urriaren 19a

Igande honetan izango da aurreneko tailerra, eta bihar, osteguna, amaituko da izena emateko epea. Hiru dimentsiotako collageak landuko dituzte aurrenekoan. Hurrengo tailerra, berriz, azaroaren 20an izango da, eta musika tresnak egingo dituzte hainbat material birziklatuz. 6 eta 12 urte arteko haurrentzat eta beren familientzat dira jarduerok.

Familientzako tailerrak eskaini ohi ditu noizbehinka Getariako Balentziaga Museoak, eta udazken parterako bi jarduera antolatu ditu, horietako lehena igande honetan bertan, hilak 23. Tailerra 6 urtetik 12 urtera arteko haur  eta gaztetxoei eta beren familiei zuzenduta dago, eta hiru dimentsiotako collage-ak egitea izango da helburua, horretarako Tom Kublin argazkilariak Balentziagarentzat egindako irudiak oinarri hartuta. Honela azaldu dute antolatzaileek jarduera: "Tom Kublin Balenciagarentzat: Ezohiko lankidetza izeneko aldi baterako erakusketaren testuinguruan, eta argazkilariaren artxiboko irudiak abiapuntutzat hartuta, jarduerak argazki horien atzealde eszenografikoak hiru dimentsiotako collagearen bidez aldatzea planteatzen da, enkoadraketa eta argi-efektu berriak bilatuz".

"Espazioarekiko jakin-mina piztu nahi da ume eta gazteengan. Hala, inguru arkitektonikoa bizitzaren eszenatokitzat hartzea da tailerraren helburua", gaineratu dute. Maushaus proiektuko kideek eskainiko dute tailerra.

Jarduera horrek bi ordu iraungo ditu, 11:15ean hasi eta 13:15era arte, eta izena emateko epea bihar, osteguna, amaituko da (14:00etan). Erreserbak didaktika@cristobalbalenciagamuseoa.com helbidera idatzita egin daitezke, edo telefonoz, 943-00 88 40 telefono zenbakira deituta. Baita online ere, esteka honetan.

Parte hartzea zazpi euro kostako da, eta saioa euskaraz eta gaztelaniaz eskainiko dute.

Bigarren tailerra, Santa Zezilia egunaren harira

Bigarren tailerra azaroaren 20an izango da, hori ere igandean. Lutheria, birziklapena eta musika sorkuntza izenburupean, material birziklatuekin edota egunero erabiltzen diren materialekin musika tresnak sortuko dituzte tailerrean. "Jatorrizko instrumentuetan eta haien familietan oinarrituta, haien ezaugarri eta printzipio akustikoetan sakonduko da, eta, aldi berean, irudimena, esperimentazioa eta ingurumen kontzientzia landuko dira", antolatzaileek azaldu dutenez.

Santa Zezilia egunaren harira antolatu dute ekintza; azaroaren 22a da, hain zuzen, musikaren eta musikarien zaindariaren eguna.

Tailerra Jon Urrutia musikariak sortutako Trakamatrakak emango du.

Saioa 11:30etik 13:00etara izango da, hori ere 6 eta 12 urte arteko haur eta gaztetxoei eta beren familiei zuzendua, eta pertsonako zazpi euro kostako da. Euskaraz eta gaztelaniaz eskainiko dute tailerra, eta izena emateko bide berak erabili beharko dira. Online egin nahi izanez gero, ordea, esteka honetan eman beharko da izena.

Izena emateko epea azaroaren 17an, 14:00etan, amaituko da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide