Badator Getariako Mendi Astea

Onintza Lete Arrieta 2022ko urriaren 12a

Filmak, mendi irteerak eta solasaldiak antolatu dituzte datozen egunetarako. Bihar, osteguna, izango da aurreneko saioa. Igandean, berriz, goiz ibilaldia egingo dute, eta bertan parte hartzeko izena ostirala baino lehen eman beharko da.

Mendi Astea ospatuko dute Getarian udalak eta mendi taldeak, eta hala, filmak, mendi irteerak eta solasaldiak antolatu dituzte datozen egunetarako. Bihar, osteguna, izango da aurreneko saioa: Aitor Igiñitzek Mundua arnastu nahian lana aurkeztuko du 19:00etan Berdura plazan, eta proiekzioaren ondoren, bere gogoetak partekatuko ditu herritarrekin: "2006ko urriaren 13an hasi nintzen mundua arnasten. Geroztik, 5.800 egun eta 123.000 kilometro joan dira bidean, 70 herrialde, bost kontinente, Karakorum Highway, Friendship Highway edo Pamir Highway bideak... Ametsak aurrera jarraitzen du! Baina, orain, zuekin partekatu nahi dut bidaiaren zati bat. Horretarako, Unai Ugartemendia lagunarekin batera, nire gogoetak azalaratzeko ordua iritsi da zuekin".


Igandean, urriak 16, izango dira Mendi Asteko gainerako ekintzak. Goiz partean mendi irteera egingo dute, 09:00etan plazatik abiatuta. Usotegi, Askizu eta San Prudentzio zeharkatu, eta Gaztetapetik San Anton mendira joango dira, eta hamaiketakoa han bertan egingo dute. Izena ostirala baino lehen eman behar da Turismo Bulegoan (telefonoa: 943-14 09 57).

Igande arratsaldean, berriz, Mendi Tour jaialdiko filmak emango dituzte Iturzaeta aretoan, 18:30ean hasita. Sarrera doakoa da, baina gonbidapena eskuratu behar da Turismo Bulegoan. Batetik, Amagana izeneko lana erakutsiko dute. Iazko jaialdiko euskarazko film onenaren saria jaso zuen film labur horrek. Hamalau minutuko iraupena du, eta Jon Goikoetxea Lopez de Alda eta Iker Larrañaga Peralek zuzendutakoa da. Lan horrek Itziar Zabala Dimako (Bizkaia) eskalatzaile profesionalaren istorioa du ardatz, baita toki zehatz bat ere: Baltzola (Diman bertan dauden kobak).

Mendi Tour film jaialdiko beste lan bat ere emango dute: Le Cavalier Mongol. Iazko jaialdian bi sari lortu zituen: zuzendari onenaren eta soinu banda onenaren sariak. Beste filma ez bezala, film luzea da, 84 minutuko iraupena duelako. Film frantsesa da, 2019an Hamid Sardar-en zuzendaritzapean ekoitzia. Mongoliako iparraldean, Darhat haranean, kokatzen da istorioa. Filmak kontatzen du tribu nomaden zaldiak desagertzen ari direla, bidelapurrek lapurtzen dizkietelako eta errublo batzuen truke saltzen dituztelako Errusiako hiltegietan. «Darhateko zaldun zaindaria, ordea, haien atzetik dabil atsedenik gabe, berea dena berreskuratzeko».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide