Getariako Udalak iraileko ohiko udalbatzarra egin zuen astearte iluntzean udaletxeko areto nagusian. Hainbat puntu eztabaidatu zituzten bertan, eta batzuk aho batez onartu bazituzten ere, 2023ko ordenantza fiskalak adosterakoan ez zen halakorik gertatu. Udal Gobernuan den EH Bilduren proposamenak aldeko sei boto jaso zituen –gobernuan diren zinegotzienak–, eta abstenitu egin ziren EAJko hiru zinegotziak –jeltzaleetako bi zinegotzi ez ziren bilkuran izan–.
2023ko zerga eta tasetan %1,5eko igoera orokorra aplikatzea Udal Gobernuaren proposamena. Nahia Iturbe Ogasun eta Hezkuntza zinegotziaren arabera, «inflazioak herritar askori eragin die», eta horiei laguntzea da helburua. Igoeraren bidez, herritarrentzako gutxieneko zerbitzuak bermatuko dituela adierazi zuen EH Bilduk udal osoko bilkuran. Horrez gain, beste aldaketa batzuk ere proposatu zituen koalizioak.
Ondasun Higiezinen Gaineko zergari (OHZ) dagokionez, bizigarritasun irizpideak betetzen ez dituzten etxebizitzen titularrek agiri bidez egiaztatu beharko dute egoera hori, eta errekargua ordaintzea tokatzen zaienen zerrenda Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
Tasen igoerak
Bestalde, Askizu auzoko aterpetxearen egun osoko alokairua 290 eurokoa izango da aurrerantzean –lehen 288,6 eurokoa zen–. Azterketa nahiz bestelako hautaproba batzuetan ere igoera aplikatuko da, baina salbuespenak egongo dira: %100eko hobaria izango dute langabetuek, %33 baino gehiagoko desgaitasuna dutenek, genero indarkeriaren biktimek, gutxieneko diru sarrerak bermatuta ez dituztenek eta kategoria bereziko familia ugariek. Ohiko kategoriako familia ugariek, berriz, %50eko deskontua izango dute.
Erakusketetarako sarreren prezioan ere igoerak proposatu zituen udalak, baita herrian egin nahi dituzten filmaketetan ere. 314,94 euroko kostua izango du errodaje egun batek Getarian, eta prezioaren erdia ekoizpena euskarazkoa bada.
Trantsizio energetikoari dagokionez, eguzki energiaren aprobetxamendu sistemak jartzen dituzten herritarrek %80ko hobaria izango dute. Horretaz gain, Udal Gobernuak azpimarratu nahi izan zuen aurrerantzean sor daitezkeen beharrei erreparatuko diela, baliabideekin laguntzeko.
Oposizioari ondo iruditu zitzaizkion proposamen asko, baina datorren urteko zergak izoztea proposatu zuen. Aitor Urresti EAJren udal taldeko bozeramailearen arabera, «egoera zaila» da, eta «zergak igota erosketa ahalmena jaitsiko zaie herritarrei». Horrez gain, proposatu zuen OHZren errekargua aplikatuko zaienei hori jakinaraziz etxera eskutitz bat bidaltzea, «bestela hutsunea gertatzen delako, batez ere, jende helduarentzat».
Kreditu aldaketetan ere ez zen adostasunik izan bi alderdien artean. EH Bilduren arabera, «diru partidetan ez dago nahikoa kreditu hainbat gasturi aurre egiteko, eta horrenbestez, premiazkoa da kreditu aldaketarako prozedura hastea».
EH Bilduren proposamenen artean daude hondartzetako prebentzio eta zainketara nahiz zirkulazioaren antolaketara diru gehiago bideratzea. Jeltzaleen hitzetan, «diru kopuru eta kontzeptu asko» dago aldaketa horietan, eta «batzuekin alde, baina beste batzuekin kontra» agertu ziren. Horregatik, abstenitu egin ziren EAJko hiru zinegotziak.
Tokiko garapenerako puntuetan, aldiz, bat etorri ziren bederatzi zinegotziak, eta 2022. urteko aurrekontuetan onartutako lanpostu zerrenda eta plantila organikoaren aldaketaren alde agertu ziren bi alderdiak, baita garbitzaile lanpostuaren izen aldaketan ere.