Hezurrak pilatuta dauden hilerriko lekua atondu du Getariako Udalak. Batetik, Uxue Alberdiren hitz batzuk irakur daitezkeen altzairuzko plaka bat ezarri dute bertan. Hala dio plakak: "Izenik gabeko hezurrak, iraganaren beroa. Hautsa konpainia isila da itsasoaren aurrean". Honela azaldu du hitzon esanahia idazleak: "Hilek konpainia egiten digute eta hildakoek elkarri konpainia egiten diotela pentsatzea gustatzen zait. Hor badago bero sumaezin bat, izan zirenena, izango garenona. Eta, bitartean, itsasoak xuxurlaka jarraituko du, eta kaioek hegan".
Bestetik, Ainara Aspiazu artistak Arbasoen zuhaitza horma irudia margotu du bertan, txoko horren albo batean. Arbasoek zuhaitz bat sortzen dutela irudikatu nahi izan du sortzaileak muralean.a "Itsasoa eta lurra behean, izarrak zeruan eta tartean haragizko besoek sortzen dituzten adarrak dituen zuhaitza. Lurretik zeruraino, gure egonaldi honetan batzuk joan eta besteak etortzen garelako, sekula bukatzen ez den bizitzaren bidaia luzean barna", azaldu du Aspiazuk.
Azkenik, txukundu egin du udalak txokoa hainbat egokitzapen eginda: horma garbitu dute, landareak jarri eta aulki bat ezarri dute bertan.