Getariako badiako itsaspeko arkeologiari buruzko liburua argitara eman du Ana Benitok

Maria Maya Manterola 2022ko irailaren 25a

Gaur aurkeztu du jendaurrean, erakunde publikoetako ordezkariekin eta liburuan beren ekarpena egin duten ikertzaileekin batera, Bista Onan.

Getariako badiako itsaspeko arkeologiari buruzko liburua jendaurrean aurkeztu dute gaur eguerdian Bista Onan. Ana Benito liburuaren egilearekin batera, ekitaldian izan dira Mertxe Urteaga Gipuzkoako Foru Aldundiko arkeologia-teknikaria, Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak eta Haritz Alberdi alkatea, besteak beste. 

Ana Benitok Amaia Lasaren poema baten zati bat irakurri du hasteko. Asier Olazabali eskerrak eman dizkio liburuaren egileak, testua gaztelerara itzuli ez ezik, "bertan bildutakoa interpretatzen" egin duen lanagatik. Era berean, liburu korala dela adierazi du de Benitok, eta aipatu du aurkezpenean bertan bildutako pertsona ugarik egin dutela beren ekarpena. Getariako Udalari nahiz Elkano Kofradiari ere esker mezua igorri die Benitok aurkezpenean. 

Baina, batik bat, aztarnategiko aurkitzaileak aipatu nahi izan ditu. Itsaspean, laborategietan nahiz dokumentuen bilaketan aritu den Iñaki Gutierrez da horietako bat. 

Hitzordua baliatu dute udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak Benitori Robert Garayren koadroa oparitu eta egindako lana eskertzeko. Liburuaren berri jasotzeaz gain, liburuaren ale bat eskuratzeko aukera izan dute Bista Onako aurkezpenera bertaratu diren herritarrek.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide