Gizarte Larrialdietarako Laguntzako diru kopurua handituko du Getariako Udalak

Onintza Lete Arrieta 2022ko irailaren 22a

2023ko zerga eta tasetan %1,5eko igoera planteatu du Udal Gobernuak dirulaguntza hori handitu ahal izateko, eta azpimarratu du azken hiru urteetan udalak hirukoiztu egin duela diru kopurua. Datorren asteko udalbatzarrean bozkatuko dituzte, hain zuzen, datorren urteko Ordenantza Fiskalak.

"Getariako biztanleriaren zati baten premiek gora egin dute", eta horregatik,  udalak diru gehiago bideratuko du gizarte bazterketa prebenitu, arindu edo saihestera. "Momentuko errealitatea kontuan izanda", udalak egingo duen diru ekarpena 27.668 eurokoa izango da; hau da, %55eko gehikuntza izango du Gizarte Larrialdiko Laguntzetara bideratzen duen kopuruak –Eusko Jaurlaritzaren eskumena da hori, eta udalak jartzen duen diru kopurua horren gehigarria da–.

Behar horri erantzun ahal izateko 2023ko zergak eta tasak igotzea proposatu du Udal Gobernuak. Hala, datorren urteko Ordenantza Fiskaletan  %1,5eko igoera planteatu du, "gastuetan aurreikusten den igoera baino gutxiagokoa". Datorren asteko udalbatzarrean bozkatuko dute udaleko bi alderdiek proposamen hori.

Udalak azpimarratu du azken hiru urteetan hirukoiztu egin duela Gizarte Larrialdietarako Laguntzetara bideratzen duen diru kopurua. "Hau da, 2019an udalaren ekarpen gehigarria 5.294 eurokoa izatetik 2021an
14.187 euro izatera pasatu zen". Horrez gain, nabarmendu du aurrerantzean herritarren beharrak gehituko balira, konpromisoa hartzen duela laguntzen diru kopuru hori ere handitzekoa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide