Denboraldi bikaina egin du aurten Getariako Arraun Elkarteko gizonezkoen taldeak, eta egindako lana aitortzeko harrera berezia egin diete gaur herrian. Portuan hasi dute kalejira txistulariekin, eta udaletxerako bidean barre algaraka eta dantzan joan dira zaleen animo oihuen artean. Plazan jendetza izan dute zain arraunlariek, eta arraunekin egindako pasabidea zeharkatu ondoren, Agurra dantzatu diete. Ondoren, banan-banan udaletxeko balkoira atera dira eta zaleen berotasuna sentitu dute arraunlariek: "Aupa Esperantza eta Aupa Getaria!".