Getariako Udalak jarri ditu eguzki panelak Iturzaeta herri eskolako teilatuan

Onintza Lete Arrieta 2022ko irailaren 16a

Eguzki instalazio fotovoltaikoa 148 moduluz osatuta dago, eta udal jabetzako 11 instalazio publikorentzako elektrizitatea sortuko du; besteak beste, Iturzaeta eskolarentzat, eskailera mekanikoentzat, udaletxearentzat eta Gure Txeruren lokalarentzat. Udalak 76.000 euroko inbertsioa egin duela jakinarazi du.

Getariako Udalak eguzki panelak jarri ditu udan Iturzeta herri eskolan, aurrez iragarrita bezala. 2022ko aurrekontuetan aurreikusiak zituen trantsizio energetikora begirako hainbat proiektu, "klima aldaketaren aurka egiteko bidean". Horien artean daude uda honetan Iturzaeta herri eskolan egin diren bi lanak: batetik, autokontsumorako eguzki instalazio fotovoltaikoa ezarri du udalak, eta bestetik, ikastetxeko argiteria guztia aldatu du, eta LED sistemakoak jarri.

Eskolako teilatuan jarri duen eguzki instalazio fotovoltaikoari dagokionez, jakinarazi du 148 modulu jarri dituztela, eta udal jabetzako 11 instalazio publikorentzako elektrizitatea sortuko duela. Besteak beste, Iturzaeta herri eskola, eskailera mekanikoak, udaletxea eta Gure Txeruren lokala hornituko ditu.

Horretarako 76.155 euroko inbertsioa egin du udalak, eta trukean zer jasoko duen ere aurreikusi du: "Proiektu hori Europako dirulaguntzetara aurkeztu diren lanen artean dago, eta egindako inbertsioa zazpi urtean amortizatuko dela aurreikusten da. Hala, 30 urtean plakek sortuko duten energiari esker, udalak 230.000 euro aurreztea espero da", esan du.

Udalak azpimarratu du eskualdean Getaria aitzindaria izan dela era honetako proiektua gauzatuta: "Eskualdean, horrelako instalazioak ezartzen dituen lehen herria da Getaria; hain zuzen ere, Iturzaeta herri eskolan ezarri diren plaka fotovoltaikoekin, udalak kontsumitzen duen energiaren %27 sortzea aurreikusten du".

Eskolako argiteria osoa aldatu eta hori LED sistemara egokitzea, berriz, 51.425 euro kostatu da, eta udalak proiektua  Eusko Jaurlaritzak ematen dituen dirulagunta deialdira aurkeztuko du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide