Getariako Elkanoren Lehorreratzeari buruzko herri antzezpenak ehun urte bete ditu aurten, eta, urteurren borobil horretan, aurreneko aldiz emakume bat egon da tripulazioko gizonen larruan jartzen direnen artean. Emakume bera izan zen aurrenekoa gizonezkoen traineru batean patroi lehiatzen ere, San Juan taldearekin. Izaro Lestayo da bera (Getaria, 1998), eta lehorreratzearen biharamunean solastatu da arraunaz nahiz lehorreratzeaz. Izan da elkarrizketaren erdian urrunetik historia egin duela oihukatu dionik ere. Hain berea duen irribarre zabalarekin erantzun du Lestayok.
Egun gutxi dira Elkanoren lehorreratzean atera zinela. Zer moduzko esperientzia izan da?
Nik erronkatzat hartu nuen, lehenengo emakumea nintzelako tripulazioan parte hartuko zuena, eta, alde horretatik, urduri nengoen, ez bainekien herriari zer irudituko zitzaion. Dena den, ez da izan neronek proposatutako zerbait; hainbat bilera egin dira, eta herriak aukeratu zuen emakumeak txertatzea. Hasieran, kontinenteetarako eman nuen izena. Burutik ez zitzaidan pasatu ere egin tripulazioko parte izatea. Udaletik deitu zidaten, ordea, nire izena atera zela eta ea animatuko nintzen galdezka. Bi aldiz pentsatu gabe, baietz esan nuen.
Prestaketa handia egin duzue?
Arropa berritu egin dute aurtengo antzezpenerako, eta, horregatik, tarteka horiek probatzera joan gara. Gainerakoan, egunean bertan 09:00etan gelditu ginen tripulazioko kide guztiok. Harrigarria da zenbat gauza egin behar diren; horrekin haluzinatu egin nuen. Lanak amaitu, eta denok elkarrekin bazkaldu genuen Iribarrenean —tradizioa da—, eta 14:00etan itsasora atera ginen. Itsasoan ibiltzera ohituta nago, baina hiru orduz geldirik egoteak beldurtzen ninduen; gainera, haizea altxatu zen, eta katxopak zeuden, itsaso txarra zegoen. Baina denbora guztian nabigatuz joan ginen, aurre-aurreraino, eta denbora azkar pasatu zitzaigun.
Esperientzia handiena dutenak beren anekdotak kontatzen aritu zitzaizkidan tarte horretan; beraientzat zer zen hor egotea. Azken batean, lehen aitak semeari pasatzen zion rola zen. Beraz, haientzat hor joatea ez zen Elkanoren lehorreratzea interpretatzea, baizik eta aitak utzitako tokia betetzea. Negar ere egin zuten; izugarria izan zen.
Hogeita sei minutu pasatu zenituzten moilatik elizara arteko bidea egiten. Nola lortzen da hain poliki ibiltzea ehunka begi begira-begira dituzunean, isil-isilik?
Inpaktu handiena itsasontziarekin moila barrura sartzen hasi gineneko uneak eragin zidan. Jendetza espero nuen, baina ez horrenbestekoa. Ikara ere sentitu nuen: “Izaro, orain nola egin behar duzu?”, pentsatu nuen neure artean. Ez genuen entseatu, ez genekien nola ibili behar genuen; itsasontzitik moilarako saltoak ematen zidan beldurrik handiena, tripulaziokoen rolean sartuta, ezin zelako sekulako saltoa ere egin. Ondoren, bidea ez zitzaidan luzea egin. Atsedenean denek galdetzen zidaten ea zer moduz ibili nintzen, baina ni ez nintzen gogoratzen ezertaz.
Gero ikusi dituzu zure irudiak?
Bai. Etxera iritsi, eta aurreneko gauza horixe egin nuen. Jakin nahi nuen ondo ala gaizki interpretatu nuen. Jendeak esan zidan oso ondo egin nuela, baina…
Eta zeuri, zer iruditu?
Tira, ondo.
Izaro Lestayo, iaz, Getariako uretan patroi lanetan. (Utzitakoa)Antzezpenaren azken partea desberdina izan da aurten, kontinenteek zatikatuta zegoen munduaren piezak hartu eta bateratu egin zituztelako.
Neuri moilako momentua gustatu izan zait beti, eta ikusle bezala ere beti han jarri izan naiz. Itsasontzitik jaitsi orduko hasi zitzaidan jendea “aupa neska“ esanez, eta aldamenera begiratu eta kasu egiteko gogoa ematen zidan, baina ezin nuen egin. Bigarren zati horretan bai, jendea agurtzen aritu nintzen. Aldaketei dagokienez, aurten erregea kendu dute, eta zuk diozun amaiera horrekin eman nahi izan den mezua da denon artean mundu berri bat posible dela, askotariko jendea dagoela. Lehorreratzean hori islatu dugu: emakumezkoak sartu ditugu, gizonezkoak sartu ditugu, afrikarrak sartu ditugu… Oso polita izan da aurtengoa, berezia.
Emakume batek oraintxe bertan —elkarrizketaren erdian— esan dizu historia egin duzula, eta zorionak eman dizkizu. Halako mezu asko jaso al dituzu?
Bai. Bezperan jende pila batek bidali zidan mezu bat Whatsappez, esanez gozatzeko momentuaz, historia idatziko nuela, eta egunean bertan ere mezuak jaso nituen, eta ordutik ere bai. Kalean jaso ditudan iritzi guztiak oso positiboak izan dira.
Kontrakorik ez duzu jaso?
Ez. Beldurra banuen, baina beti esaten nuen kontra egiten bazidaten ere ez zela izan nik erabakitako zerbait, herriak aukeratu duen zerbait baizik. Esan zuten proba egingo zela, eta ikusiko zela. Aldaketa hauek eboluzio baten parte dira. Niri iritsitako mezu guztiak positiboak izan dira, baita gazteen partetik ere. Horrek ematen zidan beldurrik handiena, ea gazteek nola hartuko zuten.
Bai? Zergatik?
Egia esan, gazteak oso tradizionalak dira. Horiengandik gehiago entzuten dut ea zergatik sartu diren gizonezkoak kontinenteetan eta zergatik emakumezkoak tripulazioan. Baina haien partetik ere ongietorria sentitu naiz, eta, beraz, pozik nago.
Lehorreratzea alde batera utzita, gizonezkoenak izan diren arlo edo eremuetan gauza gehiago ere egin izan duzu. Arraunean, esaterako, gizonezkoen traineruetan patroi ibili izan zara.
14 urterekin hasi nintzen arraun munduan. Nik arraunean egin nahi nuen, baina klubean agertu nintzenean esan zidaten txikia nintzela eta patroi joan behar nuela. Hasieran, disgustua hartu nuen, baina gero oso gustura aritu naiz. Aurrena Getaria-Zarautz emakumezkoen traineruan ibili nintzen, 2014tik 2016ra. Handik San Juanera joateko aukera izan nuen, eta han hasi nintzen, tarteka, mutilekin entrenatzen, patroia falta zutenean. Estropada jokatzeko aukera ere eman zidaten, orduan ere patroia falta zelako. Lekeition izan zen, denboraldiaurreko estropada batean. Gogoan dut sekulako itsaso txarra zegoela, eta galdetzen didatenean zein estropadetan pasatu dudan okerren, beti gogoratzen dut estropada hura, itsasoagatik. Ordutik, Lekeitioko itsasoak errespetu handia ematen dit.