Hamaika proiektu handi, koskor eta txiki egin ditu Elkano 500 Fundazioak 2018an sortu zenetik hainbat eragile eta norbanakorekin lanean, eta iparrari jarraika ibili da dena gobernatzen Ion Irurzun (Donostia, 1973) Fundazioko zuzendaria. Abenduan itxiko ditu ateak egoitza Getarian duen fundazioak, eta proiektu batzuen fruituak jaso gabe geldituko badira ere, haziak jarrita daude, eta hori ez da gutxi.
Elkano 500 Fundazioa sortu zenutenean, Elkanoz eta lehen mundu biraz ezjakintasuna zegoela esan izan duzu. Zer botatzen zenuten faltan?
Aurreneko ezjakituna ni nintzen: Elkanok lehen mundu bira egin zuela soilik nekien ia-ia, gehienek bezala. Google Academicen begiratu, eta ikusi nuen ez zegoela lan askorik argitaratuta. Gaur egun, oraindik ere toki askotan Magallaesi ematen zaio lehen mundu biraren protagonismoa, eta argi zegoen hor bazegoela lan ildo bat, eta nire ustetan, nagusiena izan behar zuena fundazioaren sorreratik: ikasteko beharra eta nahia. Garai hura eta, bereziki, orduko testuingurua aztertu behar zen, eta ea zer ekartzen zuen, ez baigenekien.
Ikertu egin behar zen, hortaz.
Fundazioan lanean hasi eta hirugarren astera Valladolidera (Espainia) joan nintzen historia kongresu batera. Ni ez naiz historian aditua, baina asko harritu ninduen kongresuan zenbat kalifikatibo esan ziren. Berez, historiako adituak ziren, katedradunak ere bai, eta norbaitek Magallaes tontoa zela ere esan zuen. Duela 500 urte izan zen gertakari baten inguruan, ezagutzen ez ditugun pertsonei buruz, hainbeste kalifikatibo entzuteak adierazten didana da badagoela, interpretazio horietan, ikuspegi batzuk defendatu nahia. Eta segituan hasi nintzen Euskal Herriko Unibertsitatean kontaktuak egiten, lan lerro bat sortu nahian. Hainbat ikerketa hasi genituen, eta gerora, ikerlari batzuek jarri genituen Elkanori, mundu birari eta testuinguru horri begira.
Fundazioa sortu zenean galdera garrantzitsuak egin zenizkioten zeuen buruari: zer ospatu behar zen, zergatik eta zertarako. Galdera horiei zer erantzun aurkitu zenioten?
Fundazioa sortu izana jada bada adierazle bat, erakusten duena bazegoela lan bat egiteko nahia. Hasierako galderak deserosoak ziren, erantzun oso erraza izan zezaketen, baina gu saiatu ginen buelta bat ematen eta hortik hasi genuen bidea. Hor erabaki nuen konmemorazio hitza eta omenaldiak eta festak pixka bat epeldu egin behar genituela. Izan ere, ikasi nahia baduzu, horrek itsutu egiten zaitu, eta ikasteko aukerak asko mugatzen ditu. Elkanoren inguruan neuk ezer ez irakurtzea erabaki nuen, atxikimendurik ez izateko. Elkano Fundazioa koordinatzen ari naiz ipar bat jarrita, eta gure zalantza, akats eta kontraesan guztiekin, iparrari ondo heldu diogula uste dut; hasierako galdera horiek landu izanak lagundu du horretan.
Ipar edo helburu horiek zeintzuk dira?
Aurrena, ikasi nahia, ikerketa; bigarrena, ikerketak ekarritako datu edo ezagutza hori gizarteratzeko hainbat formatu lantzea, gizartea ere askotariko kolektiboek osatzen dutelako; eta, hirugarrena, saregintza. Gurea oso egitura txikia da. Beti defendatu dut tamaina hori, are gehiago, jakinda epe baterako sortu zela fundazioa. Uste dut gauza asko egin zitezkeela hiru pertsona honetara jarrita, eta horretan saiatu gara, baina ingurua ondo zainduta. Horretarako, eragile eta pertsona askorekin lanean aritu gara, eta haien eskuetan utzi ditugu proiektuak, gu ez garelako adituak.
Testuinguruaz aritu zara lehen. Garai hartan gure herria mundu mailako itsas potentzia zela esaten du hainbat adituk.
Bai, garai hartan egiten ziren itsasontzien %80 Bizkaiko kostaldean –Kantabriatik hasi eta Baionara arte– egiten zirela esaten dute, batez ere Gipuzkoan eta Bizkaian. Garai hartan Gaztelako –Espainia ez zelako existitzen, ezta Euskal Herria ere– espedizioetako itsasontziak hemen egiten ziren, eta oso zabaldua omen zegoen hemengo teknologia. Itsasontzi garatuak hemen eraikitzen ziren.
Hain zuzen ere, itsasoari lotutako ondare immateriala eraikitzen laguntzea ere bada zuen apustuetako bat.
Historia iceberg bat bezalakoa da. Ur gainean beti ikusten da protagonista eta gertakaria, eta azpian dago ikusten ez den hori: herri baten bizibidea, kultura, izaera, ezagutza... Guk horri erreparatu nahi genion, zeren horrek azaltzen du, hein batean, zergatik gertatu zen halako egitate bat. Elkano izan zen, baina beste edozein euskaldun ere izan zitekeen [munduari bira ematen aurrena]. Indarrak jarri nahi genituen garai hartako gure itsas kulturan. Gauza asko ikasi ditugu, eta ez da 500 urte atzera joan behar; gure aiton-amonen bizimodua ikusiko bagenu, konturatuko ginateke gure kaiak eta gure itsas kultura askoz indartuagoa zegoela, eta azken urteetan galtzen ari garela itsasoarekiko zegoen harreman hori. Eta Elkano, Itsas Herria proiektuaren helburuetako bat da lotura hori aldarrikatzea eta, ahal dela, berreskuratzea.
Nola egiten da hori?
Aurrena, ulertuta orain dela gutxi nola bizi ginen eta kontzientzia hartuta. Nik, esaterako, lan honetan sartu nintzelako dakit sagardoa nondik datorren, zer lotura zuen itsasoarekin... Oraindik ere gauza asko ditugu gizarteratzeko eta kontatzeko.
Gizarteratze lan horretan, jakintza hori guztia ikastetxeetara eramatea garrantzitsua litzateke, ezta?
Hori da niretzako erronka nagusienetakoa: nola iritsi gaitezke gazteengana? Eta aurreneko gauza da geure buruaz zer kontatzen dugun eta umeei zer kontatu behar zaien pentsatzea. Didaktika arloan lan bat egin nahian ari gara. Berandu gabiltza, baina badut lortuko denaren esperantza, hori egiteko fundazioaren beharrik ez dagoelako. Tesi bat egiteak bere denbora eskatzen du, baita honek ere. Emaitzak ez ditut ikusiko, baina didaktikak paper oso garrantzitsua duela uste dut. Lan batzuk egin ditugu, eta nahiko genuke lantalde anitza eratu umeei zer kontatu argitzeko.
Zure ustez, zer da fundazioak ondoen egin duena, eta alderantziz, zer da gehien kostatu dena edo lortu ez dena?
Ondoen egin duguna da hasieran ondo egonkortzea eta ezartzea fundazioaren helburuak eta irizpideak, eta pozik nago, hein handi batean eutsi diogulako xede horri eta bide horri. Oihartzun handia izan zezaketen proiektu askori ezetz esan diegu, baina fundazioaren oinarrietara joan garenean erabakia hartzeko, zalantzarik ez dugu izan. Beste aldean, hasieratik saiatu izan gara eztabaidaguneak eta delineraziorako espazioak sortzen; ahaleginak eta indarrak jarri ditugu hor, beharrezkoak beti. Lortutakoarekin ez nago guztiz pozik, baina ateak zabalik jarraitzen du, eta segiko dugu lanean, gune horiek sor daitezen.
Oraingoz ez duzue lortu, jendea erosoago bizi delako zuri edo beltzean, grisean baino?
Batzuetan gure errelatoa iraganarekin baino, sortu nahi dugun etorkizunarekin dago lotuta. Eta horretan pisu handia du norberaren gaurko posizioak. Posizio hori publiko egitean, oso konplikatua izaten da hori aldatzea.