Ezin jakin 1522. urteko irailaren 6 hartan zer eguraldi egiten zuen San Lucaar de Barramedan (Cadiz, Espainia) Joan Sebastian Elkano marinel getariarra Nao Victoria itsasontzitik jaitsi zenean historian aurreneko aldiz munduari bira eman ondoren. Gaur, behintzat, Getarian, 500 urte geroago, bero zapa handiarekin oroitu dute gertakari hura, Elkanoren Lehorreratzea eginez. Baina berdin izan die horrek herrian elkartu ziren milaka lagunei. Eguerditik hasiak ziren antzezpena ikusteko tokiak hartzen; ireki aterkiak eta eguzkitakoak, zabaldu otartekoz eta freskagarriz betetako hozkailu eramangarriak, eta 17:00ak iritsi zain, lasai egon dira. Lo kuluxka egin duenik ere izan da.
Urteurren borobilak medio –lehen mundu bira egin zenetik 500 urte eta lehen antzezpenetik 100 urte– jaiegun ofiziala da gaur Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta hainbat agintari eta politikari bertaratu dira, Iñigo Urkullu lehendakaria buru zela, tartean Bingen Zupiria Kultura sailburua, Arantxa Tapia Ingurumen sailburua, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakaria, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Arkaitz Millan Kultura diputatua, Leandro Azkue Arrantza zuzendaria, Lourdes Salsamendi Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakaria, Iñaki Ostolaza Zumaiako alkatea eta Jesus Arana Zarauzko alkateordea. Eta, nola ez, Haritz Alberdi Getariako alkatea eta Ion Irurzun Elkano 500 Fundazioko zuzendaria ere bertan izan dira.
Haritz Alberdi alkateak ETB1 telebista kate publikoari azpimarratu dio zer meritu duen getariarrek orain 100 urte antzezlana egitea, eta hori mende oso batez mantendu izana. Gaurkoan, esaterako, 260 herritarrek parte hartu dute herri antzerkian eta antolakuntzan. Mertxe da horietako bat. Frontoi ingurua zaintzea tokatu zaio, eta pozik hitz egin du: "Getariarrontzat oso hunkigarria da egun hau. Hiru toki desberdin ditu antzezlanak, eta hirurak dira bereziak,baina bat aukeratu behar banu, agian portukoa esango nuke. Arrantzaleen familiakoa naiz, eta neu ere saregilea izan nintzen".
Antzezpena zuzenean ari da eskaintzen ETB1, eta herriko adinekoek frontoian lasai eserita jarraitu ahal izan dute ekitaldia, bertan kokatu duten pantaila handiari esker.
Esandako berritasunekin
Aurrez udalak jakinarazi bezala, hainbat berrikuntza izan ditu Lehorreratzeak. Batetik, hemezortzi marinelen partez hogeita bat iritsi dira Getariako portura, azken ikerketetan jakin delako hiru indigena ere etorri zirela Victoria ontzian. Gainera, kideetako bat emakumezkoa izan da, Izaro Lestayo: "Niretzat oso berezia da Lehorreratzea, eta ohorea eta erronka handia da". Bazkaritan, "hunkituta eta urduri" zegoela aitortu dio ETBri. Iñigo Isastik egin du Elkanoren papera, eta aita-semeak ere izan dira tripulanteen artean, gorostiagatarrak.
Elizara 17:26an iritsi dira, eta han Donostiako Orfeoiak eta Getariako Salbatore Deuna abesbatzak Agur Maria abestiaren moldaketa bat eskaini die. Ondoren, abesti gehiago ere entzun ahal izan dira eliza barruan, baita apaizaren sermoi txiki bat ere.
Carlos I.aren figura kentzea ere berrikuntza izan da, eta Elkanoren ama Catalina del Puertorena gehitzea ere bai, gizonak itsasoan zeudela emakumeak kostako herrien sustengu izan zirela irudikatzeko. Euskal Herriak ordezkatu du Europa kontinentea, eta horko ordezkarien buru ibili da Elkanoren amarena egin duen Izaskun Agirre. Gaurko 40 jantzi berri josiak zituzten herritarrek, eta tartean duela 500 urteko euskal janzkerak ikusi dira.
Elkanoren monumentuan, bost kontinenteetako ordezkariek harrera egin diete Elkanori, eta hor iritsi da beste aldaketa nagusia. Munduaren bola bost zatitan aurkitu dute kontinenteetako kideek monumentuaren aurrean, eta bakoitzak zati bat hartuta, osatu egin dute mundu anitza irudikatu nahian; mundua guztiek osatzen dutela eta berdinak direla irudikatu nahi izan dute.
Une horretan, Xabi Solanok mundu biraren harira sortutako kanta zuzenean jo du Cristina arrebarekin batera, eta ekitaldia amaitzeko, Orfeoiak eta herriko abesbatzak Gora Elkano ereserkia abestu dute, Musika Bandaren laguntzarekin.