Bost ordu Lehorreratze berezienerako

Onintza Lete Arrieta 2022ko irailaren 6a

Egun handia dute gaur, irailak 6, Getarian, herritarrek Elkanoren Lehorreratzea irudikatuko dutelako hark munduari bira eman zioneko 500. urtemugan. 17:00etan hasiko da aurten 100 urte betetzen dituen antzezpena, eta errepidea zabalik egongo den arren 15:30ak aldera arte, goizean goizetik nabaria da mugimendua herrian.

Liburutegian jarri dituzte makillatzeko eta janzteko guneak, itsasontzia prest dago kaian, eta tripulazioko kideek, ohi bezala, Iribar jatetxean egin dute bazkaria. Laster joango dira itsasontzira.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan gaur jaiegun ofiziala izaki –Elkanoren Eguna–, eta eguraldi paregabea lagun, bisitariak ere erruz ari dira iristen herrira.

Dena dago prest bost ordu barru hasiko den herri antzezpen berriturako.

Errepide mozketak

Zumaia eta Zarautz lotzen dituen kostako errepidea, N-634a, itxi egingo dute 15:30etik 20:00ak aldera arte, eta jakinarazi dute Meagako bidea nahiz A-8 autobidea erabili ahal izango direla.

Errepidea itxita egongo denez, UK09, UK10 eta UK11 lineen Getariako geralekuak bertan behera geratuko dira eta anezka zerbitzuak jarriko dira Zarauztik eta Zumaiatik.

Getariara joateko lanzadera zerbitzua jarri du Lurraldebusek. Zarauztik 15 minutuero irtengo dira ohiko geralekuetatik, 15:00etan hasi eta 20:00ak arte. Zumaian ere ordu tarte berean eskainiko dute zerbitzu berezia, ordu laurdenero, Patxita Etxezarreta geralekutik.

Zestoatik ere lanzaderak jarriko dituzte ordu erdiko tartearekin, Sansinenea industrialdetik. Edonola ere, lehenengo irteerak ordutegi hauetan izango dira: 15:00, 15:30, 16:15, 16:45, 17:15 eta 18:00; gainerakoak 30 minututik behin, 20:00ak arte.

(Argazkiak: Julen Imaz)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide