Jon Larrañaga: "Maila bat egin dugu gora, ea luzaroan jarrai dezakegun hor"

Onintza Lete Arrieta 2022ko irailaren 6a

‘Esperantza’ traineruko arraunlaria ez ezik, taldearen entrenatzailea ere bada Jon Larrañaga, eta Getariak igandean Kontxan lortutako emaitzaren lehen balorazioa egin zion HITZAri portuan bertan. Gaur argitaratu da papereko edizioan.

Igandean, Kontxako Banderako lehen jardunaldiko estropada amaitu, eta traineruaren estandean adierazpen gutxi batzuk egin zizkion Hitzari Jon Larrañaga (Getaria, 1979) Getariako Arraun Elkarteko arraunlari eta entrenatzaileak.

Zorionak emaitzagatik. Estropadaren balorazio ona egingo duzu, ezta?

Eskerrik asko. Balorazio ona ez, hurrengoa. Inork gutxik esperotakoa izan da, guk esperotakoa eta amestutakoa... Horrelaxe etorri da. Estropada oso ona egin dugu, konpleto-konpletoa, eta gozatu egin dugu.

Laugarren egin eta hurrengo igandean ohorezko txandan sartzea ametsa zen, hortaz.

Amestu egiten genuen, bai. Denboraldi oso ona egin dugu, eta beti amesten da; maila emanez gero... Hortik hurbil ibili gara, eta ea ukitzera iristerik genuen... Badakigu Kontxa honek aldrebesko gauza gehiago dituela, kentzeko duena gehiago duela emateko duena baino. Gaur [igandea] alde ona tokatu zaigu, eta disfrutatu egin dugu.

Zein da sekretua? Taldearen ilusioa?

Talde honek ilusioa du, eta gosea ere galanta dauka, ez dizut gezurrik esango. Gosea izugarria dauka. Poliki-poliki, lau urte hauetan lana oso ondo egiten ari dira, egunetik egunera eskailera maila bat igotzen, eta igandean beste maila bat igo dugu, eta ea hor, maila horretan, denbora askoan mantentzen garen.

Kontxako bigarren jardunaldian gozatzera aterako zarete, ala igandeko emaitza mantentzera?

Aurrena, gozatzera. Entrenatzaile gisa, beti azpimarratzen dudan aurreneko gauza hori izaten da: aurrena gozatu egin behar dugula, eta gozatzen badugu, horrek emango dizkigula irabazteko aukerak. Lehenengo gozatu, disfrutatu, eta bihartik [atzo] aurrera hasiko gara pentsatzen igandeko estropadan.

Getariatik jendetza etorri da zuek animatzera...

Afizioari eskerrak eman beharrean gara. Igartzen da gaur ere hemen zein den zaratatsuena eta zein garen pasionalenak. Eskerrik asko eta eskerrik asko, ez nuke amaituko eskerrak ematen.

Azpimarratzeko beste zerbait ikusi duzu?

Egia esan, ez zait batere gustatu antolakuntzari dagokionez Kontxako Banderako arduradunek hartu dituzten erabakiak. Lona beltz batzuen atzean gaude, moilatik 300 metro ingurura, afizioarekin ezin dugu egon, mutilek estropada amaitu eta 40 minutu inguru egon behar izan dute urak eta gauzak pasatzeko, guri ez zigutelako uzten pasatzen. Okerrera goazela uste dut.

Bai?

Bai. Aurrera joan beharrean, atzeraka goaz. Ez dakit nork agintzen duen hemen, baina kexatu beharra dagoela iruditzen zait, guk ez dugulako futbol zelai batean jokatzen. Afizioarekin elkarlanean egiten den estropada bat da hau joan den ehun eta piko urteetan, eta uste dut hori pixkanaka-pixkanaka galduarazten ari direla.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide