Beste behin, izan da zer ikusia eta zer gozatua gaur goiz partean Getarian, Elkanoren aitzakian. Asteartean, irailaren 6an, izango da Elkano Eguna, eta egun horretan egingo da Elkanoren Lehorreratzea herri antzerkia, lehen mundu biraren 500. urteurrenean, hain zuzen.
Gertakari historiko horren inguruan askotariko ekitaldiak egin dituzte herrian azken hilabeteetan, eta gaur Getaria, Elkano Itsas Herria izeneko egitasmoa izan da protagonista.
Kaian, Altxerrian, kukaña jokoa egin dute haur eta gaztetxoek, eta ilara luzea sortu da bandera lortzeko lehian eta jolasean. Ondoren, Bidasoako erraldoiak agertu dira, eta kalejiran joan dira kai aldetik udaletxe aurreraino.
'Elkano' arropa kolekzioa
Bien bitartean, Cristobal Balentziaga Museoan moda desfile berezia egin dute. Izan ere, Amarenak arropa markak Elkano arropa bilduma aurkeztu du, performance modukoa eginda. Zazpi gizon-emakumek erakutsi dituzte Oihane Pardo Amarenak arropa markaren diseinatzailearen arropak, eta desfileak iraun duen ia denbora guztian look-a aldatzen aritu dira, elkarrekin osagarriak nahiz jantzien goiko parteak trukatuz.
Taldearen eta elkarlanaren garrantzia azpimarratu dituzte beren hitzartzeetan Pardok berak eta Elkano 500 Fundazioko Ion Irurzunek, eta performanceak ere horixe iradoki dio bati baino gehiagori. Hala, Pardok eskerrak emateko zerrenda luzea osatu du, tartean kolekzioa osatzeko alpargatak eta pamelak egin dituzten artisauei.
Irurzunek esan du Elkano Fundazioak elkarlana izan duela eta duela oinarrian bere proiektua garatzerako orduan, eta Amarenaken desfilea dela elkarlan horren fruituetako bat, eta ildo beretik mintzatu da Pardo.
Horrez gain, Pardok esan du asko ikasi duela Albaolari esker duela 500 urteko zenbait konturi buruz. "Adituen arabera, duela 500 urte ere ehuna eraman zuten munduari bira emango zion Nao Victorian beste herrialde eta kulturetako herritarrekin trukatzeko edo salerosketa egiteko, eta itsasontzian bazituzten arropa josteko makinak eta horiek konpontzeko tresnak. Ez espedizio hartan bakarrik; ohikoa zen euskal marinelek arropari garrantzia ematea, eta gaur aurkeztu dudan bilduman ikusitako antzeko koloreetako ehunak erabiltzen zituzten: urdina, gorria, horia, berdea... kolore argiak", kontatu du.
Aurkezpenean Haritz Alberdi Getariako alkateak ere parte hartu du, eta han bildutakoak irailaren 6ko ekitaldira gonbidatzeaz gain, bertan egindako arropa kontsumitzearen garrantzia azpimarratu du. "Lau urte daramatzagu Elkanoren inguruko hausnarketak egiten, eta inoiz ez nuen garai hartako arropetan erreparatu. Zer pentsatua eman didazu, eta gainera, gustatu zait bilduma, kalean erabiltzeko moduko jantziak dira. Zorionak", esanez amaitu du.