Getaria, Elkanoren Itsas Herria ekimenaren barruan, Elkano Itsas Herria erakusketaren irekiera eta Juanita Larando patatxaren harrera egin zituzten atzo portuan. Herritar ugari gerturatu zen bertara, eta ekitaldian izan ziren, besteak beste, Gure Txeru dantza taldeko hainbat kide eta Salbatore Deuna abesbatza.
XVIII. mendeko patatxa baten erreplika da Juanita Larando. Orioko Mutiozabal ontziolan aurkitu zituzten planoak, eta Albaolako Aprendiztegi eskolan eraiki zuten. Izena, berriz, emakume donostiar baten omenez jarri zioten, hain zuzen, XVII. mendeko ostalari kortsario bat izan baitzen Larando. Bere diruz ordaindu zituen bi patatxa, bata San Pedro izenarekin, eta bestea San Juan.