Getariak itsasoarekin duen lotura jaso du Beñat Gerekak dokumental batean

Juan Luis Romatet 2022ko abuztuaren 30a

‘Itsasoak pizten gaitu’ ikus-entzunezkoa datorren ostiralean emango dute, ‘Getaria, Elkano itsas herria’ egitasmoaren inguruan udalak antolatu dituen ekitaldien barruan.

Elkanoren Lehorreratzea antzeztuko dute datorren asteartean, irailaren 6an, Getarian. Elkanoren mundubiraren 500. urteurrenaren harira prestatutako ekitaldietatik jendetsuena eta garrantzitsuena izango da. Aurretik, baina, Getariako Udalak denetariko ekitaldiak prestatu ditu Getaria, Elkano Itsas Herria egitasmoaren barruan. Lehen ekitaldia pasa berri den asteburuan izan zen, Sabrosako Musika Bandaren kontzertuarekin, hain zuzen. Datorren ostiraletik igandera bitartean jarraituko du egitasmoak.

Egitarauaren barruan, Itsasoak pizten gaitu dokumentala erakutsiko dute datorren ostiralean, 21:30etik aurrera, Bista Onan. Beñat Gereka bideogile eta argazkilari getariarrak sortutako ikus-entzunezkoa da honakoa, eta atzo bertan aurkeztu zuten Getariako kaian egindako agerraldian. Zuzendariarekin batera, Haritz Alberdi Getariako alkatea, Ion Irurzun Elkano Fundazioko zuzendaria, Gurutze Izagirre Berriako kazetaria eta dokumentalean parte hartu duen Dantzaz konpainiako zuzendari Fernando Saenz de Ugarte izan ziren.

Dokumentalaren bidez galdera bati erantzun nahi izan diola azaldu zuen Gerekak aurkezpen ekitaldian: ea Getariak oraindik ere herri arrantzalea izaten jarraitzen duen, hain zuzen. "Azken hiru urte hauetan asko hitz egin da eta hitz egin dugu historiari buruz, eta ondorioztatu dugu orain 500 urte baginela zerbait itsaso zabal horretan. Baina zalantzak nituen orain bagaren ala ez", adierazi zuen dokumentalaren zuzendariak.

Getariarra izanik, portua eta itsasoa aurrean izan ditu Gerekak, baina onartu zuen, "getariarra izanda ere", ezer gutxi zekiela itsasoaren inguruan. "Non arrantzatzen zuten, non josten zituzten sareak. Banuen nire buruarekin zor hori", onartu zuen bideogileak. Hala, galdera horri erantzun nahian, kamera hartu eta portura jaitsi zen hiru urte iraun duen prozesuari hasiera ematera. "Dokumentalak itsasoa du jomuga", gaineratu zuen Gerekak, baina ez arrantzaren ikuspuntutik bakarrik. "Irudi zabalagoa eskaini nahi izan dut: arrantzatik bai, baina baita belaunaldi ikuspegitik, gastronomiatik, edota artetik ere".

Lotura itsasoarekin

Beñat Gereka bera aritu zen ekitaldiko gidari lanetan, eta bertaratu ziren lagunei itsasoarekin duten lotura kontatzeko eskatu zien. Hala, itsasoak "nostalgia" pixka bat sortzen ziola azaldu zuen Haritz Alberdik. Arrantzale familiako kidea, aitona eta aitarengandik datorkion soka moztu izanaz damu dela adierazi zuen. "Etxean aitona arrantzalea zen, aita ere bai. Belaunaldiz belaunaldi pasatu da arrantza jarduera gure etxean, eta ni izan naiz hautsi duena. Zentzu horretan kulpa sentitzen dut, baina, hala eta guztiz ere, beti eduki dut itsasoarekiko lotura hori, etxetik beti izan dugu lotura hori", gogoratu zuen Alberdik, eta gaineratu zuen kresala, "salitre hori", azalean eraman duela, bai arrantza aldetik, baina baita moilako bizitzatik ere. "Getariarrok ondo dakigu bizitza moilan egin dugula. Ni gauza asko naiz, baina itsasoa ere banaiz".

Irurzunen kasuan, udako oporrak Getarian igarotzen zituela azaldu zuen. "Txikia nintzela udak hemen pasatzen nituen, Getarian. Etxea alokatzen genuen, eta familian etortzen ginen. Gero, nire aldetik izan dut harremana itsasoarekin, baina bestelakoa: beti kirolak lotu nau itsasoarekin". Kostako herriek azken urteotan bilakaera eta aldaketa handiak pairatu dituztela gogoratu zuen Elkano Fundazioko zuzendariak. "Duela 60 urte kaian ateratako argazki bat adierazgarria izango litzaiguke ikusteko zer aldaketa izan diren herrian. Gure aitona-amonen bizimoduak antza handiagoa izango zukeen Elkanorenarekin, gurearekin baino, aldaketa bortitzenak oraingoak direlako".

Genero ikuspegia izan zuen hizpide Berriako kazetari Gurutze Izagirrek. Goierriko herri batean jaioa, saregileak hartu zituen gaia unibertsitareko master bat egiteko. Sareak egiten zituzten emakumeak "ikusezinak" zirela ondorioztatu zuen, baina, aldi berean, beharrezkoak zirela, "baxurako ontzietan sareak behar zituztelako". Ofizioa bai, baina baita artea ere, saregileen jarduera ez dela behar bezala zaindu azaldu zuen, ez zaiela behar bezala ordaindu egindako lana: "Maite dute lanbidea, pila bat gustatzen zaie lanbidea, bizi dute lanbidea, baina ez diete hori opa beraien alabei".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide