Izena aurrez eman beharko da Getarian irailaren 6an herrira sartzeko nahiz Elkanoren Lehorreratzea hainbat tokitatik ikusteko

Onintza Lete Arrieta 2022ko abuztuaren 29a

Getariako Udalak jakinarazi du toki mugatua egongo dela egun horretan elizan nahiz frontoian –pantaila handia jarriko dute hor–, eta frontoian egoteko lehentasuna herriko ezinduek eta edadetuek izango dutela. Izena emateko epea bihar, asteartea, hilak 30, amaituko da.

Getarian iristear da aurtengo egun berezienetakoa: izan ere, irailaren 6an ehun urte beteko dira Elkanoren Lehorreratzea herri antzezpena aurrenekoz egin zenetik, hain justu lehen mundu biraren 500. urteurrena den honetan.

Getariako Udalak azpimarratu du egun horretan segurtasun neurri batzuk hartu behar direla, eta horrek espazio batzuk baldintzatuko dituela; besteak beste eliza , frontoia eta Getariako N-634 eta GI-3391 errepideak.

Elizan, esaterako, 225 pertsonarentzat egongo da tokia, eta Lehorreratzean bertan egon nahi duenak izena eman beharko du Getariako Turismo Bulegoan.

Frontoian, pantaila erraldoia ipiniko du udalak, eta bertan egoteko lehentasuna Getariako ezinduek, elbarrituek eta adin nagusikoek izango dute. Horiek ere, izena aldez aurretik eman beharko dute Turismo Bulegoan.

Azkenik, Getariako N-634 itxita egongo denez  15:30etik 20:00etara –baita Meagako bidea ere–, egun horretan lanagatik  edo beharragatik ordu horietan sartu behar bada herrira, Getariako Turismo bulegoan eman behar da izena. Baimen horrekin, Meagatik sartzea egongo da Herrerieta kalera arte. Hori bai, aparkalekua norberak bermatu beharko du.

Izena emateko epea bihar, abuztuak 30, amaituko da. Turismo Bulegoaren ordutegia da 10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 19:00etara. Telefono zenbakia 943-14 09 57 da, eta helbide elektronikoa, infoturismo@getaria.eus.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide