Getariako Udalak hainbat eratako ekitaldiak prestatu ditu Getaria, Elkano Itsas Herria izeneko egitasmoaren barruan. Larunbat honetan bertan izango da lehenengo emanaldia, baina ekitaldi gehienak hurrengo asteburuan, irailaren 2tik 4ra, egingo dituzte; hain justu, irailaren 6an ospatuko den Elkanoren Lehorreratze bereziaren bezperetan. Izan ere, 500 urte beteko dira munduari lehen bira eman ziotenetik, eta 100 urte, berriz, getariarrek lehen antzezpena egin zutenetik.
Ekitaldiez gain, Turismo Bulegoan Lehen Mundu Biraren erakusketa ikusgai dagoela gogorarazi du udalak, eta aurreratu du Vera Cruz karabela bisitatzeko aukera egongo dela. Horri buruzko informazioa, dena den, hurrengo egunetan emango du.
Egitaraua
Abuztuak 27, larunbata
- 20:00. Sabrosako Musika Bandaren kontzertua. A Viagem cd-aren aurkezpen kontzertua, Salbatore Deuna elizan.
Irailak 2, ostirala
- 19:00. Elkano Itsas Herriaren erakusketen irekiera eta Juanita Larando patatxaren harrera-ekitaldia, portuan.
- 21:30. Itsasoak pizten gaitu dokumentalaren emanaldia, Bista Onan. Beñat Gereka getariarrak zuzendu du dokumentala.
Irailak 3, larunbata
- 10:00-12:00. Ur jolasak: kukaña eta slakline, Altxerrian.
- 12:00. Bidasoako erraldoiak, Altxerritik abiatuta.
- 11:30. Elkano jantzi bildumaren aurkezpena, Amarenak sortua. Cristobal Balentziaga Museoan (edukiera mugatua).
- 16:00-18:00. Arraun irteerak patatxan. Izena aurrez ematea beharrezkoa da portuan egongo den informazio gunean, eta baita gutxienez 16 urte izatea ere.
- 18:00. Elkarrekin Elkano haurrentzako ikuskizuna. Ixabel Agirresarobe kontalariak eta Iñaki Martiarena Mattin sortzaileen familientzako ipuin kontaketa irudikatua, Elkano eta bere bidaia protagonista direla. Berdura plazan.
- 19:00. Kontzertu berezia: Esne Beltza eta Lagunak, frontoian.
Irailak 4, igandea
- 19:30. Euskal Barrokensembleren kontzertua, elizan.
Irailak 6, asteartea
- 17:00. Elkanoren Lehorreratzea.