Izena eman beharko da Elkanoren Lehorreratzean hainbat gunetara sarbidea izateko

Amaia Urbieta Arruti 2022ko abuztuaren 10a

Abuztuaren 15etik aurrera Turismo Bulegoan izena eman beharko dute irailaren 6an Getariara errepidez heldu nahi dutenek nahiz Lehorreratzea elizan edo pilotalekuan jarraitu nahi dutenek.

Getariako Udala Elkanoren Lehorreratzearen bueltako prestaketa lanetan hasia da dagoeneko, eta jakinarazi duenez, hainbat gunetarako sarbidea izateko aurrez eman beharko da izena. 

Lehorreratzea Salbatore Deunaren elizatik ikusteko 225 leku egongo dira, eta bertan egon nahi dutenek izena eman beharko dute. Bestetik, pantaila erraldoi bat jarriko dute pilotalekuan herritarrek lehorreratzea ikusteko, eta bertan egoteko lehentasuna izango dute Getariako ezindu, elbarritu eta adin nagusikoek. Horretarako, ordea, izena eman beharko da Turismo Bulegoan. 

Azkenik, udalak jakinarazi du itxita egongo direla N-634 errepidea eta Meagako bidea 15:30etik 20:00etara. Egun horretan lanagatik edo bestelako beharrengatik errepide horiek erabili beharko balitu norbaitek, aurrez jakinarazi behar du Turismo Bulegoan izena eman da. Pertsona horiei baimen berezia emango zaie Meagatik Herrerieta kalera arte sartzeko, eta aparkalekua norberak bermatu beharko du. 

Aipatutako hiru kontuetarako aurrez aurre eman daiteke izena abuztuaren 15etik aurrera Getariako Turismo Bulegoan, astelehenetik igandera 10:00-14:00 eta 15:00-19:00 ordutegian, 943-14 09 57 telefono zenbakira deituta edo infoturismo@getaria.eus helbide elektronikora idatzita. Izena emateko azken eguna hilaren 30a izango da. 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide