Bainu egokituko zerbitzua beste aulki batekin indartu da Getarian

Juan Luis Romatet 2022ko abuztuaren 10a

Lagundutako bainu zerbitzua eskaintzen du Gurutze Gorriak Malkorbeko hondartzan, Getarian. Zerbitzua Laboral Kutxak emandako beste aulki batekin indartu du.

Duela urte batzutatik hona, lagundutako bainu zerbitzua eskaintzen du Gurutze Gorriak Getarian, Malkorbe hondartzan. Bere kabuz bainatzeko arazoa duten pertsonek profesionalen laguntza izan dezakete. Besteak beste, aulki anfibioez baliatzen dira Getariako Gurutze Gorriko kideak zailtasunak dituzten pertsonak uretaraino eraman, eta bainatzen laguntzeko. 

Gurutze Gorriak beste aulki anfibio bat eskuratu du eta gaur bertan eraman du Getariako Gurutze Gorriko basera. Laboral Kutxak eman dio Gurutze Gorriako aulki berri hori. 

Getariako Itsas Salbamenduko basean gaur eguerdian bildu dira Zarauzko Gurutze Gorriko presidente Felix Zubia eta Getariako alkate Haritz Alberdi zerbitzu honen berri emateko. Zubiak gogoratu duen bezala, urteak daramakite programa honekin Getarian, Malkorbe hondartzak dituen baldintzei esker. "Hondartza progresiboa da, sartu-irtenak egitea erraza da, eta olatu oso gutxi ditu. Bestalde, iritsiera ere oso ona du: bertan du autoak uzteko aparkalekua, eta alboan ditu aulki anfibioak, aldagelak eta dutxak hartzeko aukera ere badu", nabarmendu du Zubiak.

Eskualdean zerbitzu hau Getariako hondartza honetan bakarrik eskaintzen da, aipatutako ezaugarriengatik. Hala ere, garbi utzi nahi izan du zerbitzu hau ez dela getariarrentzako bakarrik, edozein erabil dezakeela. "Mugitzeko arazoak dituen edonork erabili dezake espazio hau, hasi makuluekin dabilenetik, baita aulki hauen beharra dutenek ere. Zerbitzua doakoa da, eta goizeko 11:00etatik 19:00etara ematen da". Hondartza denboraldiaren amaierara arte martxan izango dela gogoratu du, irailaren 15era arte, hain zuzen. 

Norbanakoek bakarrik ez, taldeek ere erabiltzako aukera dutela azpimarratu du Zarauzko Gurutze Gorriko presidenteak. Kasu horietan, aurrez deitzea gomendatzen du, Getariako baseko 617 45 21 53 telefono zenbakira. "Taldea etorrita ere aulki asko ditugu eta zerbitzua eskaintzeko deseatzen gaude”, azaldu du. 

Ekitaldiaz baliatu da Zubia eskerrak emateko programa martxan jartzen lagundu dutenei: "Getariako Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiari, Eusko Jaurlaritzari, Getariako Arrantzale Kofradia eta Laboral Kutxari aurten aulki hau eman digulako".

Bainatzeko eskubidea

Getariako alkate Haritz Alberdi ere pozik agertu da programaren emaitzekin. "Bere garaian honen aldeko apostua egin zen [hondartzaren] baldintzak horretarako egokiak zirela ikusi genuelako, baita herrian bertan behar hori sentitzen zuten pertsonak ere bazeudelako".

Denborarekin hobekuntzak egin direla ere jabedun da Alberdi, eta horien artean azpimarratu du bertatik bertara aparkaleku bat jarri zaiela zerbitzua erabiliko duten pertsonei. "Gurutze Gorriarekin elkarlanean, eta erabiltzaileen iritziak kontuan hartuta eskaintza polita dago hemen, Getarian. Hala, hondartzara joateko eskubideaz gozatzeko aukera izango dute pertsona hauek ere". 

 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide