Orio Orialkik irabazi du Ondoan Bandera, Hondarribian

Aiora Larrañaga 2022ko abuztuaren 6a

Gaur arratsaldean, Hondarribian jokatu dira Euskotren eta Eusko Label ligetako jardunaldiak. Emakumeek Ondoan Bandera izan dute jokoan eta Orio Orialkik lortu du garaipena, ligako zazpigarrena. Itsaso zabaleko estropada izan da eta oriotarrei lehen kaletik arraunean egitea egokitu zaie oraingoan. Hasieratik, Orio eta Arraun Lagunak jarri dira estropadaren buruan, brankaz Orio segundu bat atzerago joan bada ere. Ziabogan, ordea, maniobra azkarrago eman du Oriok, eta pare-parean egin dituzte lehen metroak, baina Nadeth Agirrek lan bikaina egin du poparean olatuak hartzen, eta bi taldeen arteko aldea handituz joan da oriotarren alde. Hala, Orio Orialki taldeak ligako zazpigarren garaipena lortu du, Donostiako taldeari bost segundoko errenta aterata.

Eusko Label Ligan, berriz, Hondarribiako XXXV. Bandera estropada jokatu dute. Getaria bigarren txandan aritu da. Estropadaren lehen zatian, Kaiku eta Zierbena aurretik zituela, hirugarren postuan joan bada ere,  lehenengo ziabogaren ondoren estropadaren buruan jarri da eta amaiera arte errenta mantentzea eta handitzea lortu du gainera, txanda irabaziz. Horrez gain, ohorezko txandan laugarren sailkatu den Orio baino denbora hobea egin du Esperantza ontziak. Lan bikaina egin dute getariarrek Hondarribian, taldea sasoi betean dela, eta merezimendu osoz goi mailan dagoela erakutsi dute. 

Orio Orialkik ohorezko txandan egin du arraunean, Hondarribia, Donostiarra eta Urdaibairekin batera. Hasieran lau taldeak berdinduta abiatu dira, baina estropadak aurrera egin ahala Urdaibai errenta handitzen joan da, eta bandera irabaztea lortu du. Orio bosgarrena izan da estropadako sailkapenean. 

 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide