Getariako haurrak gogotik ari dira beren eguna ospatzen

Onintza Lete Arrieta 2022ko abuztuaren 5a

Atzo hasi ziren Salbatore jaiak Gazteen Egunarekin, eta gaur haurren txanda da. Goiz partean uretako puzgarriez gozatu dute, eta eguerdian txupinazoa jaurti eta buruhandiei iheska ibili dira. Pregoian, gurasoei eskaria ere egin diete haurrek: "Festak bost egun bakarrik dira eta mesedez, utzi berandu arte ez oheratzen. Ez gaude nekatuta!".

Berdura plazan eta frontoian goizetik nabaritu da gaur zeinek duten protagonismoa Getarian: haurrek. Uretako puzgarriez gozatu dute Salbatore jaien bigarren egun honetan, Haurren Egunean, eta txikienentzat puzgarri normalak egon dira Berdura plazan, itzaletan goxo jolas zitezen.

Eguerdia iristean, berriz, udaletxe aurrean elkartu da jendea, ohi bezala, festen txupinazoa haurrek bota baitute bertako balkoitik. Hainbat neska-mutil atera da balkoira Haritz Alberdi alkatea lagun zutela, eta gurasoei eskaria ere egin diete: "Festak bost egun bakarrik dira eta mesedez, utzi berandu arte ez oheratzen. Ez gaude nekatuta!". 

Suziria bota, eta handik gutxira atera dira udaletxetik buruhandiak, umeen eta gaztetxoen urduritasunerako. Txistulariekin batera, Kale Nagusian behera egin dute denek kalejira alaia.

Gaurko eta datozen egunetako egitarau osoa hemen dago ikusgai.

Atzo hasi ziren aurtengo salbatoreak, Gazteen Egunarekin. Hemen argazki bilduma ikusgai.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide