Gazte Egunak eman die hasiera Getariako Salbatore jaiei

Juan Luis Romatet 2022ko abuztuaren 4a

Salbatore jaiak iragartzeko suziria bihar botako bada ere, festa giroa dagoeneko nagusi da Getarian gaur ospatzen ari diren Gazte Egunari esker.

Festen gogoarekin daude Getarian, are gehiago osasun krisialdiak behartutako azken urteotako hutsarteen ondoren. Salbatore jaiak iragartzeko suziria, berez, bihar eguerdian botako da, baina gazteek ez dute zain egoteko gogorik izan eta gaur bertan hasi dituzte jaiak Gazte Egunarekin. 

Eguerdi partean bota dute Txosnaguneko suziria. Ordurako lanean ari ziren paella lehiaketan parte hartu duten gazte kuadrillak. Tipula mozten batzuk, piperrak besteak, izan da azenarioa bota duena ere. Hortik aurrera, bakoitzak bere gustuko osagaiak jarri dizkio bere paellari: oilaskoa askoz, konejua, mariskoa, txibiak, etab. Noski, arrozik ezin falta. Lehiaketan parte hartu duten paella hauek bazkari herrikoian zerbitzatuko dira.

Arratsaldean jarraituko dute Gazte Eguneko ekitaldiek. Hala, bazkalondoren, eta Txosnagunetik abiatuta, kuadrillen arteko jolasak egingo dira Heriotzaren Karrotxarangak lagunduta. Kalez kale ibili dira gazteak, eta egitaraua osatzeko I. kaña karrera ere antolatu dute. 

Landarbaso abesbatza

Kulturak ere badu bere lekua gaur, eta 20:45ean Donostiako Musika Hamabostaldiko Musika Aitzaki zikloaren barruan Landarbaso Abesbatzaren kontzertua izango da Salbatore Deuna elizan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide