Etxean eta ilusioz jokatuko dute Getariako Bandera

Mikel Eizagirre 2022ko abuztuaren 4a

Lehen aldiz, emakumezkoen Euskotren Ligako bandera jokatuko da Getarian, Eusko Label Ligako XIII. Banderarekin batera. Udaleko zein arraun elkarteko ordezkariek atzo aurkeztu zuten estropada udaletxe atarian.

Haritz Alberdi Getariako alkateak, Ekaitz Esteban Kirol zinegotziak, Xabier Goikoetxea Getariako Arraun Elkarteko presidenteak eta Eneida Etxabe arraunlari ohiak igande honetan, abuztuak 7, Malkorbeko badian jokatuko den estropada aurkeztu zuten atzo arratsaldean: Getariako Ikurrina - 500. Urteurrena Saria.

Gizonezkoei dagokienez, hamahirugarren edizioa izango da Eusko Label Ligan. Emakumezkoen kasuan, berriz, Euskotren Liga Getarian jokatuko den lehenbiziko aldia izango da. "Esperantzaz eta pozez beteriko momentua izango da igandekoa", aurreratu zuen Alberdik.

Goikoetxeak ilusio bera partekatzen du, batez ere, Getariako trainerua egiten ari den denboraldia ikusita: "Ez dugu inolako kexarik, eta ea igandean orain arte bezala moldatzen garen". Herriko bandera izaki, arraunlari getariarrak "gogotsu" datozela ziurtatu du, iazko garaipena gogoan: "Motibatuta daude, azken finean, herriko bandera berezia izaten da beti". Igandean "postu txukunen bat lortzea" espero du, "estropada ona" eginda.

Herritarrei deia

Estebanek Getariako Salbatore jaien egitarauaren barruan kokatu zuen estropada. Hala, "10:00etan plazara bertaratzeko deia" egin zien herritar guztiei.

Bertatik, herriko txistulari, trikitilari eta panderojoleekin batera, moilara jaitsiko dira estropadaren aurretik, arraunlariei babesa ematera.

Moilan eta plazan gune bana izango dela jakinarazi du kiroletako zinegotziak, estropada pantailetatik jarraitu eta atuna parrillan dastatzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide