Getariako Ketak 15 urte bete ditu

Mikel Eizagirre 2022ko abuztuaren 3a

Klubaren hastapenak, ibilbidea eta gaur egungo erronkak ekarri ditugu gogora Iosu Mujika eta Aitor Gomez zuzendaritzako kideekin. Talde bakarretik lau kirol ataletako klub osoaren historia da, etengabe zaharberritzen ari dena.

Ilusio bat zena errealitate bihurtu da», dio Iosu Mujikak (Getaria, 1982) atzera begira. Jokalari ohi eta egun zuzendaritzako kide denak gogora ekarri duenez, talde bakarra izatetik, lau ataleko kirol kluba bilakatu da Keta, 80 bat fitxarekin. Bide horretan, «proiektuan sinetsi duen jendearen ilusioa eta konpromisoa» nabarmendu ditu.
Proiektuaren fase bakoitzeko erronkei aurre egiteko gai izan direla azpimarratu du Mujikak: saskibaloi talde oso bat txertatu zuten, lehiaketetarako egokitutako kantxarik gabe. Zailtasunak zailtasun, bost urte eman zituzten Euskadi mailan jokatzen.

Futbol zelaia amets
Herrian futbol zelairik ez izatea ere, erronka izan da Getariako klubarentzat. Aitor Gomez (Getaria, 1994) argi mintzo da: «Esperantzari beti eutsi behar zaio, baina une honetan ez dugu futbol zelai bat Getarian bertan eraikitzea espero, epe motzean bederen». Hala ere, klubaren baitan dirauen plan bat dela zehaztu du, etorkizunera begira. Mujikak ez du zalantzarik proiektuaren esanguraz: «Futbol zelaia herrian izatea gure lana ikustarazteko tresnarik garrantzitsuena litzateke». Ketaren kirol jarduera «beste modu batera» ikusiko litzatekeela ziurtatu du.

Jakin badakite klubaren etorkizunarentzat garrantzitsua dela harrobia lantzea. Horregatik, kirola egin nahi duten Getariako haurrak Zumaiara bideratzen dituzte.

Bestalde, Donosti Cup futbol txapelketako juvenil mailan taldea osatu dute Zarautzen zein Zumaian jokatzen duten getariarrekin eta beste zenbait lagunekin. Horretarako, akordioak lortu dituzte Zumaiako FT eta Zarautz KE-rekin. «Oso txapelketa ona egin dute», nabarmendu du zuzendaritzako kideak. Izan ere, getariarrak ligan sailkatu ziren, kanporaketa bat gainditu zuten eta finalaurrekoan kanporatu zituzten, 1-0eko emaitzarekin.

Emaitzak lagun
Ez da bide erraza izan, baina pixkanaka emaitzak iritsi direla nabarmendu dute Ketako bi ordezkariek.

Futboleko eta areto futboleko taldeak Gipuzkoako bigarren mailan aritzen dira; saskibaloi taldea Gipuzkoako lehenengo mailan, eta snowboardeko rider bakoitzak, aldiz, txapelketetan lortutako marka pertsonalaren arabera sailkatzen dira. Aurtengoa haien hirugarren denboraldia izango da, eta horien artean dago Irati Idiakez, munduko txapelduna izandakoa. «Azken hamabost urteotako ekarpen ikusgarriena izan da Iratirena», azaldu du Mujikak, harrotasunez.

Bestalde, Imanol Goikoetxeak, erori eta min hartu arren, sailkapen ona eskuratu zuen apirilean jokatu zen Espainiako Estatuko txapelketan.

Harremanak
Klubaren erronka nagusia «bizirautea» da etorkizunera begira, Mujikak aitortu duenez. «Hamabost urte daramatzagu herritik kanpo, eta bizirik jarraituko badugu taldearen proiektuan sinesten duten pertsonak daudelako izango da», gehitu du.

Zentzu horretan, Aitor Gomez zuzendaritzan txertatzea «aurrerapausoa» izan dela adierazi du beteranoak. Ilusioa eta gogoa galtzen ez duten arren, Gomezek gogora ekarri du hamabost urtez pertsona berdinak zuzendaritza lanetan aritzeak «nekea» sor dezakeela. Ondorioz, lanerako gogotsu iritsiko den jende berri gehiago behar dute ardura postuetan.

Ketaz gain, herrian badira beste hainbat kirol elkarte eta horiekin komunikazio zein harreman ona dela ziurtatu du Mujikak: «Kirol Mahai bat dugu Getariako Udalarekin batera, eta edozein behar suertatuz gero bertan lantzen dugu gaia». Areto futbol zein saskibaloi taldeek, esaterako, Gure Txeruren eskupilota atalarekin partekatzen dute kantza. Hori dela eta, txapelketetarako «komunikazio eta koordinazio jarraikorra» dutela ziurtatu dute Ketako kideek.

Kirol arloaz gaindiko elkarteekin ez dute askotan topo egiten, baina haiekin harremanak «normaltasun osoz» izan ditzaketela baieztatu dute. Joan den asteburuan bertan, herri ginkana antolatu zuten kirol eragileekin batera. Keta zortzi ekintzetako batez arduratu zen, eta «oso gustura» daude elkarteko kideak elkarlanak emandako emaitzarekin.
Azkenik, duela hamabost urte klubaren sorreraren alde apustu egin zuten guztiei esker onak luzatu dizkiete Ketako zuzendaritzako kideek, baita ordutik gaur arte elkartearekin edozein modutan parte hartu dutenei ere. Era berean, babesleen laguntza ere «ezinbestekoa» izan dela azpimarratu dute. «Eskerrik asko denei».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide