Emakumeen eta haurren Elkano sarietako finalak jokatu dira Getarian

Juan Luis Romatet 2022ko abuztuaren 1a

Gure Txeru elkarteak antolatuta azken hilabeteotan zehar Getarian jokatu diren pilota txapelketa batzuetako finalak jokatu dira pasa den asteburuan.

Haurren VII. Elkano Sariko eta emakumeen V. Elkano Sariko finalak jokatu dira Getariako frontoian pasa den asteburuan. Larunbatean haurren txanda izan zen; igandean, berriz, emakumeena. 

Benjamin, kimu eta infantil mailan jokatu da haurren aurtengo Elkano Saria, eta kategoria horietako finalak jokatu ziren larunbatean herriko frontoian. Benjamin mailan, Aranburu eta Egigurenek 22-11 emaitzarekin irabazi zieten Juaristi eta Orozkori. Kimuen kategorian, Ansola eta Urrestillak eraman zituzten irabazleen garaikurrak Aranburu eta Bordagarairi 16-6 emaitzarekin irabazi eta gero. Amaitzeko, infantil mailan, Aldazabal eta Juaristi izan dira txapeldunak Etxaniz eta Alvarezi 18-7 emaitzarekin irabazi ondoren.

Igandean jokatu ziren emakumeen V. Elkano Sariko finalak. Txapelketa hau promesa eta elite kategoriatan jokatu da. Promesatan, Zabaleta eta Oskoz izan dira irabazleak Ibarrola eta Berrocali 22-10 emaitzarekin irabazi ondoren. Elite mailako neurketan, Iturriaga-Mendiburu eta Ruiz de Infante-Oses bikoteak neurtu ziren. Irabazleen garaikurra lehenek eraman zuten finala 22-15 emaitzarekin irabazi eta gero.

Larunbatean, 17:30etik aurrera, jokatuko dira frontoian eskuz binakako XXIIII. Salbatore Pilota Txapelketako finalak.

Argazkiak: Ibon Gereka.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide