Iristear dira salbatoreak Getariara, baina festa giroa egun batzuk lehenago hasi dute. Izan ere, Urritza aisialdi elkarteak eta Getariako Udala antolatutako I. Herri Ginkana izan da gaur. Goizean goizetik hasita, zazpi gunetan banatu dira parte hartu duten 23 taldeak, eta jarduera ugari egin dituzte eguerdira bitarte, besteren artean, hondartzako eskubaloia, futbola, memoria lantzeko ariketak nahiz mahai-jokoak. Gero, parrillada egin dute indarrak berreskuratzeko.
Festen atarian, herri osoak parte hartu zezakeen jardueraren bat antolatu nahi zuten aurtengoan Urritzako kideek, eta hala otu zitzaien Herri Ginkanarena. Arrakastatsua izan da lehenengo edizio hau, 180 getariarretik gora batu baititu.
Datozen egunetan ere ez da jarduerarik faltako Getarian. Bihar, igandearekin, esaterako, eskuz binakako emakumezkoen V. Elkano Saria jokatuko da.