Ekitaldiz beteta datoz salbatoreak

Onintza Lete Arrieta 2022ko uztailaren 29a

Festetan era batera edo bestera parte hartuko duten eragile andanarekin argazkia aterata aurkeztu ditu Getariako Udalak aurtengo Salbatore jaiak. Bereziak izango dira bi urteko etenaren ostean datozelako, eta baita berrikuntza bat edo beste dakartelako ere. Ostegunean hasiko dira, abuztuaren 4an, eta 8an amaituko dira, astelehenarekin.

Datorren ostegunean hasita, bost egunez ospatuko dituzte getariarrek 2022ko Salbatore jaiak. Bereziak izango dira, bi urteko etenaren ondoren datozelako, eta berrikuntza batzuk daudelako. Udalak herriko eragile mordoaz inguraturik aurkeztu ditu jaiak. Izan ere, "horien parte hartzerik gabe ezin da halako egitaraurik aurkeztu", azpimarratu dute Itziar Larrañaga eta Ane Loidi zinegotziek. Aurkezpenean izan dira honako eragileak: Tonpe herriko guraso elkartea, Zabuka herri eskolako guraso elkartea, Gure Txeru, Getaitri, Getariako Arraun Elkartea, Festa Batzordea, Mariñak, buruhandiak, Musika Banda, Gazte Alaiak txistulariak eta Salbatore Abesbatza. Keta kirol elkarteko eta Katxapo zikloturista elkarteko kideak falta izan dira, baina horiek ere parte hartuko dute festetan. 

"Adin guztietako herritarrentzako jaiak antolatzea" izan da helburu nagusia, Larrañagak azaldu duenez, "baita herriko txoko desberdinetara zabaltzea ere" ekitaldiak. Hala, Balentziaga Museoaren kanpoaldean egingo dituzte ekintza batzuk, Aldamar parkean ere bai, eta nola ez, betikoetan: frontoian, plazan, Bista Onan...

Berritasun bat baino gehiago

Tokiei dagokienez, aurtengoan moilak protagonismo berezia hartuko du abuztuaren 7an, igandean. Arraun Eguna izendatu du udalak, egun horretan jokatuko direlako Euskotren eta Eusko Label ligetako estropadak herrian, eta aurreneko aldiz, herriko gizonezkoen trainerua lehen maila horretan lehiatuko delako.

Arraunari eta arraunzaleei protagonismoa ematearren, herrigunetik kalejiran jaitsiko dira estropada gunera egun horretan, eta bi pantaila ere jarriko dituzte, bat frontoian eta bestea moilan, estropadak jarraitzeko. Hegaluzea parrillan dastatzeko aukera ere egongo da bi gune horietan. "Horregatik, marmitako lehiaketa, beti asteburuan egin izan dena, azken egunera pasatu dugu, astelehenera".

Horrez gain, gogoratu dute orain hiru urte erabaki zuela udalak jaietan bandera jaitsiera egiteaz gain, bandera igoera ere ospatzea, herriko eragile bati aitortza eginez. Aurtengoan aitortza hori arrantzaleen bikoteei egingo diete, "emakumeei, azken batean". Gaur egun arrantzale ofizioa dutenen bikoteak gonbidatu dituzte, 50 inguru. Horien guztien ordezkari batzuk igoko dira udaletxeko balkoira. "Hitz politak prestatu dituzte, eta interesgarria izango da beren mezua entzutea", aurreratu du Loidik.

Izan ere, festa hauek antolatzerakoan "oso presente" izan dute gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna, "eta prebentzioaren inguruko aurre lana ere egin da urtean zehar, autodefentsa ikastaroarekin etab.", Loidik jakinarazi duenez. "Indarkeriaren aurkako gida ere prestatu dugu, txosnetan eta tabernetan  jartzeko". Aurreneko aldiz egin dute hori, baita festetan karpa jartzea ere bi egunetan, informazioa banatzeko. "Mariñak talde feministaren proposamena izan zen, eta Emagin elkartekoak egongo dira karpan", azaldu du Loidik.

Aldaketa gehiago ere egongo dira aurtengoan. Batetik, salbatoreetako emakumezkoen pilota txapelketaren finala igande honetan jokatuko da, festen barruan izan beharrean. "Salbatoreetako igandean final guztiak jokatzeko tarterik ez da gelditu, eta aurreratzea erabaki da emakumezkoena; baita umeena ere, azken hori larunbat honetara". Dena den, "hurrengo urtean nahiko genuke emakumezkoen eta gizonezkoen finalak egun berean egitea", esan dute.

Hala, salbatoreak abuztuaren 4an hasiko diren arren, asteburu honetan izango da zer gozatua Getarian jaien atariko, pilotako final horiez gain, larunbat goizean I. Herri Ginkana jokatuko delako.

Aurten, txosna bakarra eta gauetan afariak

Aldaketa nagusienetakoa izango da, aurrez aipaturikoez gain, aurten, festetan txosna bakarra egongo dela Bista Onan, Itsaso Legorburu eta Izar Urresti Festa Batzordeko kideek jakinarazi dutenez. "Beste urteetan bi txosna izaten ziren, bat Festa Batzordearena eta bestea presoen aldeko taldearena, baina aurten ez jartzea erabaki dute. Horren ordez, SOS Herritarrak taldeak haima jarriko du, eta gauero-gauero afariak emango ditu eta elkarlanean ariko gara".

Txosnaguneko egitaraua aurreko urteetakoen antzekoa izango da, baina "lanerako boluntario falta" sumatzen dute, eta hortaz, ekintzak prestatzeko eta amaitzean dena jasotzeko boluntarioak eskertuko lituzketela azpimarratu dute.

Egitaraua

Abuztuak 4, osteguna, Gazteen Eguna

  • 11:00etan: paella lehiaketa, txosnagunean.
  • 12:00etan: txosnaguneko txupinazoa eta irekiera, Libe eta Olano herriko bertsolariekin.
  • 14:30ean: gazteen herri bazkaria, Harritarten.
  • Jarraian: txosnagunetik abiatuta, kuadrilen arteko jokoak Heriotzaren Karrotxarangak lagunduta, kalez kale, eta I. Kaña Karrera.
  • 20:45ean: Musika Hamabostaldiko Musika Aitzaki zikloaren barruan, Landarbaso Abesbatza, Salbatore Deuna elizan.
  • 23:00etan: txosnetan, kontzertuak: The Lio, Occhi Di Farfalla eta Intzak Hik!

Abuztuak 5, ostirala, Haurren Eguna

  • 10:00etatik 12:00etara: haur parkea frontoian, Berdura plazan eta Harritarten.
  • 12:00etan: jaiei hasiera emateko haurren txupinazoa udaletxeko balkoitik
  • Jarraian: Getariako buruhandiak, Gazte Alaiak txistulariekin, herriko kaleetan zehar.
  • 16:00etatik 19:00etara: haur parkea frontoian, Berdura plazan eta Harritarten.
  • 18:30ean: Aiama, Artelatz gunean (museoaren ondoan). Musika latinoa, brasildarra, jazza eta errezitatutako proba urbanoaren arteko fusioa.
  • 19:00etatik 21:00etara: indarkeria sexistarik gabeko informazio gunea. Emagin-en postua Harritarten, Erasorik gabeko jaien alde.
  • 20:00etan: Euskorleans Dixie Bandaren emanaldia, kalez kale.
  • 21:00etatik 00:00etara: Gau Irekia, Balentziaga Museoan. Erakusketak gauez bisitatzeko aukera, Arima Soul & Dj Makalak zuzeneko musikaz girotuta. Sarrera doakoa izango da (azken sarrera, 23:15ean).
  • 23:00etan: txosnetan, kontzertuak: Onlifly, Ezinegon eta Larekba.
  • 23:00etan: Laket taldearekin dantzaldia, plazan.
  • 00:00etan: ikurrinaren goratzea eta txupinazoa. Herriko arrantzaleen bikoteek igoko dute bandera, herriko abesbatzak eta musika bandak lagunduta.
  • Ondoren: Laket musika taldearekin dantzaldia, plazan.
 

Abuztuak 6, larunbata, Salbatore Eguna

  • 09:30ean: diana Getariako Musika Bandarekin.
  • 11:00etan: meza nagusia, Getariako Abesbatzak abestuta.
  • 12:30ean: ohorezko aurreskua, udaletxe aurrean.
  • 12:45ean: Getariako Musika Bandaren kontzertua, Harritarten.
    • De Canarias a Valtierra (Joaquin Ortega "Canario")
    • Betikoskorri (moldaketa: Iñaki Urkizu)
    • Virginia (Jacob de Haan)
    • Tico Tico (moldaketa: Naohiro Iwai)
    • Macarena (moldaketa: Masato Myokoin)
  • 13:45ean: Euskal Selekzioaren aldeko 20. Mendi Martxari ongietorri ekitaldia, plazan.
  • 17:00etan: padel txapelketaren finalak, kiroldegian.
  • 17:30ean: Eskuz Binakako XXIIII. Salbatore Pilota Txapelketako finalak, frontoian, Gure Txeruk antolatuta.
  • 18:00etan: Kantu kolore, plazan.
  • 19:00etan: txosnetan, bakarrizketa saioa Aitor Arregi Ximel-ekin.
  • 20:00etan: Broken Brothers Brass Band, kalez kale.
  • 22:30ean: zezen suzkoa, plazan eta frontoi inguruan.
  • 23:00etan: Xamukos mariatxiak, plazan.
  • 23:00etan: Gozo-gozo taldearekin erromeria, txosnetan.

Abuztuak 7, igandea, Arraun Eguna

  • 09:30ean: diana, Gazte Alaiak txistulariekin.
  • 11:00etan: herriko trikitilari eta panderojoleen kalejira, plazatik moilara.
  • 11:40an: Euskotren eta Eusko Label ligetako estropadak: Getariako XIII. Bandera - 500. Urteurrena Saria. Pantaila erraldoia frontoian eta portuan, estropadak ikusteko.
  • 12:00etan: hegaluzea parrillan, frontoian eta portuan.
  • 12:00etan: Incansables txaranga, kalez kale, moilatik abiatuta.
  • 16:30ean: Gazteen Arteko VIII. Patata Tortilla Txapelketa. 
  • Ondoren: buruhandiak kalez kale.
  • 18:30ean: Etxera bidea gertu ekimena: Sokartean, Txabeli Sierrak eta Maitane Ezpeletak osaturiko biolin eta gitarra duoaren emanaldia, Aldamar parkean.
  • 19:00etatik 21:00etara: indarkeria sexistarik gabeko informazio gunea. Emagin-en postua Harritarten, Erasorik gabeko jaien alde.
  • 19:45ean: Elektrotxorongo elektrotxaranga, txosnetatik abiatuta, kalez kale.
     
  • 22:30ean: Gozategiren kontzertua, frontoian.
  • Jarraian: Soinuz Blai Getariako erromia taldearen emanaldia, frontoian.
     

Abuztuak 8, astelehena, Kuadrillen Eguna

  • 08:00etan: Gaupasero txaranga.
  • 10:00etan: Kuadrillen Arteko XXIV. Marmitako Txapelketa.
  • 12:00etan: Kaiña-Bi trikifarra.
  • 13:30ean: marmitako txapelketako irabazleen aukeraketa, Berdura plazan.
  • 14:30ean: Harritarten, kuadrillen herri bazkaria.
  • Bazkalostean: Bentazaharreko Mutiko Alaiak, Harritarten.
  • 17:30ean: marmitako txapelketako sari banaketa.
  • 17:30ean: Disko Arima, plazan, gaztetxoentzat.
  • 19:30ean: Kantujira, Bentazaharreko Mutiko Alaiekin.
  • 22:00etan: zezen suzkoa, plazan eta frontoi inguruan. Udalak eskatu du zentzuz parte hartzeko.
  • 23:00etan: Fan&Go taldearekin erromeria, plazan.
  • 00:00etan: ikurrinaren jaitsiera eta festen amaierako traka, Getariako Musika Bandak lagunduta.
  • Jarraian: Fan&Go taldearekin erromeria, plazan.
  • 00:30ean: Maixa eta Malakias DJak, txosnetan. Ondoren, karaokea.
 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide