Biharko I. Herri Ginkanerako, dena prest Getarian

Onintza Lete Arrieta 2022ko uztailaren 29a

Adin tarte zabaleko 180 herritarrek eman dute izena, eta Salbatore jaietako giroa berotzeko balioko du. Zazpi gune egongo dira, eta katamaranean ere ibili beharko dute. Ondoren, parrillada egongo da. Bestalde, igandean jokatuko dute salbatoreetako emakumezkoen pilota txapelketako finala.

Datorren astera arte ez dira hasiko Salbatore jaiak Getarian –programaren esku orriak atzotik eskuragarri daude Turismo Bulegoan–, baina festak girotzeko, asteburu honetarako prestatu ditu udalak hiru ekintza: biharko I. Herri Ginkana eta salbatoreetako pilota txapelketetako haurren binakako esku pilota txapelketako finala; eta iganderako, eskuz binakako emakumezkoen V. Elkano Saria.

Pilotako finalak, biak 18:30ean hasiko dira, frontoian.

Ginkana, berriz, bihar goiz-eguerdi partean izango da, 09:00etan hasi eta 13:30era arte. Amaitzen denean, parrillada egingo dute frontoian.

Urritza aisialdi taldeak eta udalak antolatu dute aurreneko urtea duen ginkana, eta horren helburua eta xehetasunak azaldu dituzte Nahia Iturbe zinegotziak eta Gorka Zenekorta Urritza taldeko kideak: "Orain arte, festen atarian beti futbito txiki txapelketa egin izan da, eta aurten, buruari bueltak eman, eta erabaki genuen herri osoak parte hartzeko aproposa izango zen ekintza bat antolatzea futbito txapelketaren ordez, herri kohesioa handitu eta saltsa pixka bat pizteko", azaldu du Iturbek.

Hala sortu zen ginkanaren ideia. "Udalak proposamena aurkeztu zigun, eta ideia oso ona iruditu zitzaigun", kontatu du Zenekortak: "Udala eta Urritza hasi ginen lanketa egiten, eta gero, beste eragileengana jo genuen". Izan ere, herri osoan zehar sakabanatutako zazpi gunetan hainbat eratako probak egingo dituzte bihar.

Partaideek pistei segika iritsi beharko dute gune bakoitzera, eta antolatzaileak saiatu dira talde heterogeneoak osatzen izena eman dutenen artean. "Saiatu gara hainbat adinetako haurrak eta helduak nahasten, eta baliabideei dagokienez, herriak ematen dizkigun aukerak aprobetxatzen: itsasoa daukagu, frontoia... Herriko baliabideak erabilita sortu ditugu guneak".

180 partaide 23 taldetan
Urritzako kideak esan du aurtengoa proba izango dela, eta "ondo ateraz gero", hurrengo urteetan jarraipena emango diotela, "hobetu beharrekoa hobetuta".

Probaren atarian, buruz ez dakite zenbat boluntariok egingo duen lan ginkanean, baina gune bakoitzean gutxienez lau pertsona beharko dituzte, eta proba amaitzean egingo duten parrilladarako, berriz, gutxienez sei lagun. Batuketak eginez gero, 34 pertsona edo gehiago ibiliko dira bihar antolakuntza lanetan. "Laguntzeko prest dagoen jendea etor dadila bihar goizean guregana, boluntarioak inoiz ez baitira soberan izaten", azpimarratu du Zenekortak. Iturbek, berriz, esan du proiektua lantzen aritu direnak "parte hartzeko gogoarekin" geldituko direla.

Partaideei dagokienez, 180 lagunek eman dute izena, eta 23 taldetan banatu dituzte horiek. "12-13 urteko gaztetxo askok eman du izena, baita helduek ere. Gazteen hutsunea nabaritu dugu, eta ea hurrengo urteetan lortzen dugun horiek izena ematea".

Katamaran eta guzti
Ez Iturbek, ez Zenekortak, ez dute azaldu nahi izan probak nolakoak izango diren. «Sekretuak ere ez dira, azkenean, boluntarioak herritarrak direlako eta informazioa zabalduz joaten delako ahoz aho, baina xehetasunik ez dugu emango guk behintzat», jakinarazi dute.

Gauza bakarra kontatu dute: proba bat baino gehiago izango dela uretan edo ur eremuan, eta ginkanako ekintzarik bereziena hortxe izango dela. "Polinesiako katamaran bat ekarri dugu Hondarribiatik, eta gainera, boluntarioak beraiek honaino katamaranean etorri ziren; lau ordu inguru pasatu zituzten", azaldu du Iturbek. Gaineratu du ginkanako parte hartzaileek "aste osoa" daramatela entrenatzen eta praktikatzen.

"Uste dut ekintza hori gustatuko zaiola jendeari, ez delako asko ikusten halakorik, eta polita izango dela", iritzi dio Zenekortak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide