Ostiralean amaituko da Gazteen Arteko VIII. Patata Tortilla lehiaketan izena emateko epea

Onintza Lete Arrieta 2022ko uztailaren 25a

Salbatore jaietan egingo dute lehiaketa, abuztuaren 7an, igandearekin. 14 eta 18 urte arteko gazteek parte har dezakete, binaka.

Zortzigarrenez antolatu dute Salbatore jaien barruko Gazteen Arteko Patata Tortilla Lehiaketa Getarian 14 eta 18 urte arteko gazteentzat; binaka parte hartu beharko dute horiek. 

Lehiaketa abuztuaren 7an, igandearekin, jokatuko da, baina izena emateko epea ostiral honetan amaituko da, uztailaren 29an. Turismo Bulegoan eman behar da izena.

Antolatzaileek hainbat informazio eman dute. Batetik, beraiek emango dizkiete osagaiak parte hartzaileei: lauzpabost patata, zortzi arrautza, gatza eta olioa. Sua ere antolatzaileek jarriko dute. Partaideek, berriz, tresneria eraman beharko dute etxetik: zartagina, labana, sardexka, eta osagaiak nahasteko beharrezko ontzia.

Bestetik, jakinarazi dute txapelketa 17:00etan hasiko dela, eta lanak egiteko ordu eta erdiko tartea izango dutela, 18:30 arte.

Lehiaketara galtza luzeekin joatea gomendatu dute, "inork minik har ez dezan", eta epaimahaiak kontuan zer izango duen ere azaldu dute: tortillaren itxura, zaporea, eta sukaldarien jantziak –irudimena eta originaltasuna...–.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide