Aste gutxi batzuk falta dira Getaria Salbatore Jaietan murgiltzeko, eta sukaldean aritzeko asmotan direnek dagoeneko eman dezakete izena marmitako eta patata tortilla lehiaketetan.
Abuztuaren 7an, igandearekin, izango da Gazteen Arteko 4. Patata Tortilla Txapelketa. 14 eta 18 urte arteko gazteek eman dezakete izena, eta lehiakideek bikoteka hartu beharko dute parte. Bikote bakoitzak etxetik eraman beharko ditu labana, zartagina, sardexka eta osagaiak nahasteko eta buelta emateko ontziak. Antolatzaileek bikote bakoitzari emango dizkiote lauzpabost patata, zortzi arrautza, olioa, gazta eta sua. 17:00etan hasiko dira parte hartzaileak tortillak prestatzen, eta 18:30erako amaitu beharko dute.
Irabazlea erabakitzerako orduan, honako hauek hartuko ditu kontuan epaimahaiak: tortillaren itxura, zaporea eta sukaldarien jantziak (originaltasuna eta irudimena baloratuko dira). Parte hartu nahi dutenek Turismo Bulegoan eman beharko dute izena, uztailaren 29a baino lehen, eta egunean bertan galtza luzeak janztea gomendatu dute antolatzaileek, "minik ez hartzeko".
Kuadrillen Egunean, marmitakoa
Gaurtik uztailaren 26ra arte eman ahalko da izena 24. Marmitako Lehiaketan. Gehienez ere 38 bikotek hartu dezakete parte, beraz, hilaren 27an zozketa egingo dute izena eman dutenen artean. Udaletxean eman beharko da izena. 2019ko lehiaketako saridunak ez dituzte zozketan sartuko, eta zuzenean izango dute parte hartzeko aukera.
Abuztuaren 8an, Kuadrillen Egunean izango da lehiaketa, eta taldeak bi sukaldariz osatuta egongo dira (bietako batek getariarra izan beharko du). Sukaldeko tresnak bikote bakoitzak eraman beharko ditu, baina osagaiak eta lapikoa antolatzaileek jarriko dituzte. Parte hartzaile guztiek 09:15erako egon beharko dute plazan, eta bertan lekuaren eta atuna hartzeko hurrenkeraren zozketa egingo da. Antolatzaileek ohartarazi dute banatutako osagaiak bakarrik erabili daitezkeela eta talde bakoitzak, gutxienez, 20 lagunentzako marmitakoa egin beharko duela. Bikote irabazleak 300 euroko saria eskuratuko du, bigarrenak 180 eurokoa, eta hirugarrenak 120 eurokoa.
13:00etan itzaliko dira su guztiak, eta 13:15ean epaimahaiak irabazleak aukeratuko ditu. Ondoren, prestatutako marmitako guztiekin herri bazkaria izango da, 600 lagunentzat –aurrerago zehaztuko dute kopuru zehatza– . Bazkarirako txartelak uztailaren 28an eta 29an eta abuztuaren 1ean eta 2an egongo dira salgai.