Haigor Arangurenek eta Ana Vegak irabazi dute San Anton Bira

Amaia Urbieta Arruti 2022ko uztailaren 10a

Nerea Murua zarauztarrak eta Irati Mendiak osatu dute podiuma emakumezkoetan. Gizonezkoetan, Danel Poncek eta Xabier Gordoak ia aldi berean gurutzatu dute helmuga, txapeldunaren atzetik.

200 igerilari inguruk parte hartu dute gaur goizean Getarian jokatu den San Anton Bira igeriketa proban. Gaztetape hondartzatik abiatuta, San Anton mendiari bira eman, portua inguratu eta Malkorbe hondartzan amaitu dute proba kirolariek, 2,6 kilometroko distantzia igerian eginda. Haigor Aranguren izan da gizonezkoetan Malkorbe hondartzako helmugara heltzen lehena, zeharkaldia 33 minutu eta 4 segundoan burututa; emakumezkoetan, berriz, Ana Vegak irabazi du proba, 37 minutu eta 9 segundoko denborarekin. 

Arangurenen atzetik heldu dira Danel Ponce eta Xabier Gordoa. 36 minutuan amaitu dute proba biek, eta bateratsu gurutzatu dute helmuga. Emakumezkoetan, Nerea Murua zarauztarrak eta Irati Mendiak osatu dute podiuma Vega txapeldunarekin batera. Biek 38 minutu eta 26 segundoan amaitu dute proba. 

Asko izan dira etxeko proban parte hartzera animatu diren getariarrak, eta horien artean, Maialen Chueca eta Iosu Iribar izan dira denborarik onena egin dutenak (44' eta 39'' eta 40' eta 13'', hurrenez hurren).

Ikusi sailkapena osorik kronoak.com atarian. 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide