Mariano Kamio Getariako alkate ohiak ez du lau urte eta erdiko espetxe zigorra bete beharko, 2019ko sententziari helegitea jarri ziolako eta orain Gipuzkoako Lurralde Epaitegiak partzialki onartu egin duelako helegite hori. Kamio zigortu zuten Getariako Balentziaga Museoaren kudeaketa desleiala egiteagatik eta merkataritza agiriak faltsutzeagatik Getariako alkatea zenean eta Balentziaga Fundazioko lehendakariorde eta Berroeta Aldamar elkarte publikoko kudeatzaile. Kartzela zigorra ez ezik –delitu bakoitzagatik bi urte eta bi urte eta erdiko kartzela zigorra–, isun ekonomikoa ere ezarri zioten: Berroeta Aldamar elkarteari 426.093 euro ematera kalte ordain gisa, eta Balentziaga Fundazioari, berriz, 43.687 euro ematera.
Fiskaltzak 2007an abiatu zuen ikerketa, eta kasua hamabi urtez egon zen zabalik. Kamioz gain, Rolando Paciel eta Julian Argilagos arkitektoak ere inputatu zituzten, baina Paciel absolbitu egin zuten, eta Argilagosek ihes egin zuen eta ez zen epaiketara agertu.
Hainbat komunikabidek jakinarazi dutenez, helegitearen ebazpenean zera erabaki dute epaileek: batetik, kudeaketa desleialaren delituagatik ezarritako bi urte eta erdiko zigorra hamar hilabetekoa izatea. "Auzia bidegabe luzatu" zelako, lehen ere aringarria aplikatu zioten, eta orain atzerapen hori are larriagotzat jo dute eta horregatik murriztu diote zigor hori. Bestetik, merkataritza agiriak faltsutzearen delituari dagokionez, orain errugabe jo dute Kamio. Beraz, bertan behera utzi dute horri lotuta jaso zuen bi urteko espetxe zigorra.
Isun ekonomikoa ere murriztu egin diote, erdira. Hala, Berroeta Aldamar elkarteari 221.659 euro ordaindu beharko dizkio, eta Balentziaga fundazioari, berriz, beste 20.075 euro.