Etxebizitzak alokatzeko dirulaguntzak emango dizkie udalak 18 eta 35 urte bitarteko getariarrei. Aurtengo lehenbiziko deialdia egin du dagoeneko udalak, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta gero. Interesdunek hilaren 22ra arte izango dute eskaera orria betetzeko aukera, bertan zehaztutako dokumentuak udaletxean aurkeztearekin batera.
Laguntzak jasotzeko ezinbestekoa izango da udalak zehaztutako baldintzak betetzea: alokairu kontratua gutxienez urtebetekoa izan beharko da, eta udalaren laguntza jasotzea ez da bateragarria izango Eusko Jaurlaritzaren Gaztelagun programarekin. 2022ko urtarrilaren 1a eta 2022ko ekainaren 30a arteko alokairu gastuak hartuko dituzte kontutan, eta ordainduta egon beharko dute horiek guztiek. Gehienez ere alokairuaren prezioaren % 75a ordainduko du diruz udalak, baina laguntzak ezingo du hileko 250 euro baino altuagoa izan. Deialdia arautzen duen ordenantzan aurki daitezke zehaztapen guztiak.
Hurrengo deialdia 2022. urteko abenduan egingo du udalak. 2022ko uztailetik abendura arteko gastuak ordaintzeko izango da; betiere momentu horretan berriro ere baldintzak betetzen direla egiaztatzen bada.