Zarautz Jauregiaren obra proiektua idatzi eta obra zuzendaritza zerbitzua gauzatzeko esleipena abian jarri du Getariako Udalak. Lan horien aurrekontua 246.366 eurokoa da.
Eraberritzeko lehen pausoak orain jarriko dituzte martxan, baina udalak 2019an ekin zion herrigunean dagoen XVI. mendeko Zarautz Jauregia birgaitu eta erabilera publikorako egokitzeko proiektua idazteari, Aldundiaren babesarekin. Proiektuak Eusko Jaurlaritzaren eta Aldundiaren "babes osoa" lortu du orain, eta hori horrela, udala eraikina eraberritzeko lehen urratsak ematen hasi da.
"Mundubira espazioa"
Zarautz Jauregian ekipamendu berri bat ezartzea aurreikusi dute proiektuan. Elkano Mundubira espazioa izeneko proiektuak Elkanoren irudia eta munduaren lehen itzuliaren historia "modu erakargarrian erakusteko leku bat" izan nahi du, "iraunkortasun-irizpideekin diseinatu eta kultura-aniztasuna errespetatzen duten egungo balioak" kontuan hartuz.
Lau solairu izango ditu eraikinak. Getariako historiari eta monumentuari eskainitako interpretazio elementuak eta Turismo Bulegoa egongo lirateke beheko solairuan. Lehen solairua izango litzateke Elkanoren irudiari eta euskal itsas ondareari eskainitakoa. Ildo beretik joango litzateke bigarren solairuaren edukia ere, baina Mundubira bera ardatz hartuta, bidaiaren gorabeherekin. Hirugarren solairua hausnarketari eskainikoa izango litzateke, bidaia hark gaur egungo globalizazioan izan dituen eraginen inguruan gogoeta egiteko, eta, azkenik, laugarren solairuan, erabilera anitzeko espazio bat egongo litzateke, tailerrak, hitzaldiak, erakusketak edota bestelako ekitaldiak egiteko.
Udalak iragarri du, bestalde, proiektu museografikoa idatzi eta zuzentzeko esleipena aterako duela datozen egunetan, 68.197 euroan.