'Elkano eta Euskal Herria. Nola egin zen posible lehen mundu bira' argitaratu du Euskal Itsas Museoak

Aritz Mutiozabal 2022ko ekainaren 30a

Munduari lehen bira eman ahal izateko Euskal Herriak egindako funtsezko ekarpenak biltzen ditu liburuak. Gaur goizean aurkeztu dute Donostian, eta guztira 3.000 ale kaleratu dituzte lau hizkuntzetan.

Euskal Itsas Museoak Elkano eta Euskal Herria. Nola egin zen posible lehen mundu bira argitaratu du, Albaolarekinn, Elkano Fundazioarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean, eta bertan adierazten da mundu biraren inguruan dauden kasualitate horiek guztiak ez zirela izan ustekabekoak, Euskal Herriko ontziteriak XVI. mendeko mendebaldeko merkataritza-ibilbideetan zuen hegemoniaren ondorio logikoa baizik. Gaur goizean aurkeztu dute argitalpena, Donostiako Euskal Itsas Museoan bertan, eta bertan hartu dute parte Xabier Alberdi Euskal Itsas Museoko zuzendariak, Rafa Zulaika Elkano Fundazioko proiektuen koordinatzaileak eta Xabier Agote Albaolako zuzendariak.

Alberdik azpimarratu duenez, “liburu honetan Euskal Herriak, itsas herri horrek, munduari lehenengo bira eman ahal izateko egindako funtsezko ekarpenak biltzen dira; eta herritar gehienek aldez aurretik entzun gabeko gertakariak bildu ditugu”. Zulaikak, bere aldetik, nabigatzailea eta Euskal Herria izan ditu batik bat hizpide: “Fundazioan lan gogorra egin dugu hiru urteren buruan Elkanori, bidaia horri eta garai hartako euskal testuinguruari buruz 2019an genekiena baino gehiago jakiteko. Orain, informazio hori guztia gizarteratu behar dugu formatu desberdinen bidez, mota guztietako publikoak horren berri izan dezan liburu, abesti, jaialdi edota kongresuen bidez”.

Liburuak hainbat gai jorratzen ditu: euskal ontziteriak Mendebaldean zuen nagusitasuna, Magallaes-Elkanoren espedizioan jokoan zeuden interes geoestrategiko nagusiak, edo Sevillako Kontratazio Etxeko euskaldunen arteko harremana, besteak beste. Horrez gain, kapitulu berezi bat eskaini diote euskal itsasontzien teknologiari; izan ere, hiru itsasontzi eman zituen espediziorako. Amaitzeko, liburuan Getariako kapitainaren eta horren zientzia- eta kultur-legatuan sakontzen du.

Liburua euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez argitaratu dute, eta guztira 3.000 ale kaleratu dituzte. Elkano Itsas Herria zeharkaldi kulturaleko informazio puntuan, Euskal Itsas Museoko dendetan eta Albaola Itsas Kultur Faktorian eros daiteke, 10 eurotan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide