Herriko jaiei begira, sexu erasoen inguruko sentsibilizazio eta formazio kanpaina jarri dute martxan Getariako Udalak Mariñak talde feministarekin elkarlanean. Autodefentsa ikastaroa da horietako bat, uztailaren 16an eskainiko dutena, eta dagoeneko izena emateko epea zabalik dago.
14 urtetik gorako emakumeei zuzenduta dago, eta Ulpiano aretoan egingo da goizez nahiz arratsaldez, 10:00etatik 14:00etara eta 15:30etik 19:30era. Parte hartzeadoakoa da, baina aurrez izena eman behar da Getariako Turismo Bulegoan uztailaren 10a bitartean, plaza mugatuak baitira. Horretarako bulegora joan daiteke, 943-14 09 57 telefono zenbakira deitu edo infoturismo@getaria.eus helbidera idatzi.
Salbatore jaietan, abuztuaren 5ean eta 7an, informazio karpa bat jarriko du formazio eta ikerketa feministan aditua den Emagin Elkarteak, Harritarten. Elkarteko bi kideren eskutik, informazioa eman eta herritarren kezkei eta galderei erantzungo diete.
Era berean, eraso matxista bat prebenitzeko, detektatzeko eta lehen arreta eskaintzeko gida bat landu dute. Eman beharreko lehen pausoak zeintzuk izan daitezkeen eta nola bideratu adieraziz. Gida hori tabernetan eta txosnagunean zabalduko dute.
Getariako Udalak dei egin die herritarrei indarkeria matxistarik gabeko jaien aldeko "konpromiso aktiboa" hartzeko: "Gure herriko jai eta ekitaldietan indarkeria matxistarik gabeko ospakizun gune izan daitezen, eta haietan emakumeek askatasunez gozatu ahal izan dezaten aisialdiaz, ospakizunez eta gizarte harremanez".
Gogora ekarri behar da Getariako Udalak, Gipuzkoako beste udalerriekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundiak osatu berri duen hausnarketa prozesuan hartu duela parte. Lanketa horretan, jaiak emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabeko gune bihurtzeko ahal den guztia egiteko konpromiso partekatua berretsi da.