‘Bi mundu’, Xabi Solanok Elkanoren bidaiari buruz sortu duen abesti berria

Amaia Urbieta Arruti 2022ko ekainaren 22a

Ostiralean aurkeztu zuten abesti berria Solanok eta Elkano Fundazioko eta Etxepare Insitutuko ordezkariek. Entzungai dago plataformetan, eta aurki plazaratuko dute bideoklipa.

Juan Sebastian Elkano getariarrak munduari eman zion birari musika ipini dio Xabi Solano artistak. Ostiralean aurkeztu zuen hernaniarrak Bi mundu izeneko abestia, eta Elkano Fundazioaren arabera, "aniztasunean, kultura trukaketan eta bidaia hura posible egin zuten pertsona guztien elkarketan" arreta jarri nahi izan dute abestiarekin; "hori guztia euskaratik eta euskal herritarren ikuspegitik".

Solanorekin batera aurkeztu zuten Euskal Itsas Museoan abestia Elkano Fundazioko Ion Irurzunek eta Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Irene Larrazak. Abestia entzungai dago plataforma ezagunenetan, eta Aiako Andatza auzoan jo zuen pieza estreinakoz Solanok, igandeko kontzertuan.

Jakinarazi zuten sorkuntza prozesuko irudiekin osatutako bideoklipa ere laster egongo dela ikusgai. Euskara, portuz portu Solano konpositoreak nabarmendu zuen aurkezpenean bidaia hari esker "euskarak ere mundu bira" egin zuela. Irurzunen arabera, musika tresna boteretsua da jenderengana heltzeko, eta abestiaren bidez "beste ikuspegi batzuk jaso eta gurea kokatu" ahal izan dutela dio. Larrazak, berriz, "gure historiaren ezagutzan eta dibulgazioan Elkano Fundazioa egiten ari den lana" nabarmendu zuen.


Cabo Verdera bidaiatu du Solanok Bi mundu konposatzeko, hura izan baitzen Elkanok eta gainontzeko marinelek San Lucar de Barramedara (Espainia) heldu aurretik egin zuten azken geldialdia. Hala, bertako instrumentuak diren cimboa, ferrinhoak eta cavaquinhoak entzun daitezke abestian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide