Astelehenean hasi ziren Getariako hilerriko aparkalekua txukuntzeko lanak. Kimu bat enpresari adjudikatu dizkio lanak udalak, eta 9.060 euroko kostua izango dute. Obrek astebete inguru irautea aurreikusten du udalak.
Azken boladan hilerria hainbat ibilgailuren aparkaleku bihurtu dela eta, bertako aparkalekua txukuntzeko beharra identifikatu zuen udalak. Ohar bidez jakitera eman duenez, gainera, herritarren bati azken agurra emateko beilatokia irekitzen den bakoitzean kotxeen joan-etorria handitu egiten da eta, horri gehitu behar zaio herri bidea ere bertatik pasatzen dela eta oinezkoen kopurua ere «kontuan hartzekoa» dela.
Kimu Batek «zortzi bat ibilgailurentzat» egingo ditu aparkalekuak, eta obraren exekuzio guztia gune ez urbanizagarriek eskatzen duten materialarekin egingo da. Udalak gaineratu du obrak iraun bitartean ezingo dela bertan aparkatu.
Lanak hainbat kaletan
Hilaren 13az geroztik, irisgarritasuna hobetzeko lanak egiten ari dira San Roke eta Iribarrena kaleetan. Udalak jakinarazi duenez zenefa ipiniko dute kale horietan, eta gehienez ere hilabete bateko iraupena izango dute lanek.
Oinezkoek igaro ahal izateko zabalik jarraituko dute bi kaleek, baina ibilgailuen joan-etorrian eragina izango dute egokitzapenek. Art enpresakoak arduratuko dira lanez, eta lanean ari diren tokitik ezingo dute igaro ibilgailuek. Iribarrena bukaeratik hasi ziren lanean, eta sartzen den ibilgailua atzeraka bakarrik atera ahalko dela kontuan hartuta, udalak gomendatu du ez sartzea ibilgailuz bi kale horietara.
Azkenik, udalak gogorarazi du kale horietako edukiontziak tokiz aldatuko dituztela eta, beraz, hondakinak udal elkarteak aurrez zehaztu dituen lekuetara eraman beharko dituzte bertako bizilagunek, obrak irauten duen bitartean.