I. Berdintasun Planaren zirriborroa prest, herritarren eta eragileen ekarpenak jasotzeko epea zabaldu du Getariako Udalak

Onintza Lete Arrieta 2022ko ekainaren 7a

Dokumentua online eskura daiteke (albiste honen amaieran), eta ekarpenak online egin daitezke nahiz udaletxeko harreran dauden inprimakiak beteta. Udalak norbanakoei nahiz herriko eragileei eskatu die ekarpenak egin ditzaten. Ekainaren 21a izango da proposamenak egiteko azken eguna.

Iaz hasi zen Getariako Udala lanean Getariako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako I. Plana lantzeko. Diagnostikoa egitea izan zen aurreneko zeregina, eta hortik abiatuta, planaren zirriborroa osatu du Emun Aholkularitzaren laguntzarekin.

Orain, zirriborroa herritarren eskura jarri du udalak, herritarren eta eragileen iritziak eta ekarpenak bildu eta horiekin zirriborroa aberastuta, 2023-2026 epean martxan egongo den planari azken forma emateko. Aurten utziko dute prest I. Berdintasun Plana.

Ekarpenak jaso ahal izateko, zirriborroa hemen klik eginda deskarga daiteke. Galdetegia ere, online dago, hemen. Erantzunak eskuz eman nahi dituenarentzat ere zabaldu du bidea udalak, eta horiek udaletxeko harreran eskatu behar dute inprimakia, eta behin beteta, bertan entregatu. Epea atzo zabaldu zen, eta ekainaren 21ean amaituko da.

Udalak jakinarazi du herriko eragile eta taldeei korreko elektroniko bidez bidaliko zaiela dokumentua, zirriborroa irakur dezaten eta ekarpenak egin ditzaten. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide