Zahartzaroari Omenaldia ospatu dute gaur Getarian

Aiora Larrañaga 2022ko ekainaren 5a

Isabel Berasaluze Uzin, Felisa Ganboa Gorostiza eta Jose Azkue Iribar omendu dituzte aurten.

Guraso Elkarteak antolatuta, Zahartzaroari Omenaldia egiten dute urtero Getarian, eta aurten Isabel Berasaluze Uzin, Felisa Ganboa Gorostiza eta Jose Azkue Iribar omendu dituzte. Isabel Berasaluzek eta Felisa Ganboak ezin izan dute gaur eguerdian Salbatore elizan egin duten omenaldian izan, baina ostiralean joan zitzaizkien etxera Guraso Elkarteko kideak eta Haritz Alberdi alkatea omenalditxoa egitera.

Jose Azkue Iribar, bestalde, eguerdiko ekitaldian izan da familiarekin. Haren bilobak berak idatzitako testua irakurri du jendaurrean aitonaren omenez eta ondoren dantzariak Agurra dantzatu du txistularien erritmoan. Meza amaitu denean, berriz, arraunlari gazteak zain izan dituzte eliza atarian, eta arraunekin arkua egin diote omenduari.

Orain, herriko adinekoek bazkaria egingo dute Zumaiako El txoko de Mikel Bermejo jatetxean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide