Aurrera egin du kirol portuko amarralekuetan getariarrak lehenesteko EH Bilduren mozioak

Maria Maya Manterola 2022ko ekainaren 1a

Portuko amarralekuetan getariarrak lehenestea eskatu du koalizioak. EAJk aurkeztutako osoko zuzenketen aurka bozkatu du EH Bilduren udal taldeak.

Kirol portuko amarralekuak esleitzen direnean getariarrak lehenestea helburu duen mozioa aurkeztu du Getariako Udal Gobernuak. Atzo, asteartea, udalbatzarrean irakurri zuten testua, eta oposizioaren babesik gabe egin du aurrera EH Bilduren proposamenak.

Ibon Gereka Parte hartze zinegotziaren esanetan, 2017ko urriaren 19an onartutako araubidea dela eta, euskal kostaldeko hainbat portuetako amarralekuetan esleipenari lotutako prozedurak ireki dira. Herri guztietan "kezka eta egonezina" sortu dela ere gaineratu zuen Gerekak; herritarrengandik iritzi eta babes eskaerak jaso dituztela ere azaldu zuen zinegotziak.

Iritzi horien iturburua aurrez aipatu araubideko 14. artikuluko esleipen irizpideetan dagoela uste du EH Bilduk. Erabiltzaileengan ez ezik, herriek itsasoarekiko eta lotura kultural eta historikoa aintzat hartu ez izana ere salatu du koalizioak. Gainera, "portuetako errealitatea guztiz aldatu" da Gerekak azaldutakoaren arabera, kasurik lazgarrienetan kirol portu izatera igaro arte.

Horregatik guztiagatik, Euskal Kirol Portuetako (EKP)agintaritzari 5330 dekretuan aldaketak egin ditzan eskatu diote batzarrera eramandako mozioaren bitartez, getariarrek amarralekuen esleipenetan lehentasuna izan dezaten. Haren arabera, lehenik, herrian erroldatuta daudenek izango lukete lehentasuna, eta ondoren, hurrenez hurren, eskualdeko herrietan erroldatutakoek, EAEn erroldatutakoek eta, azkenik, beste autonomia erkidegoetakoek. Erabiltzaileengan ez ezik, kirol portuen kudeaketak herriaren izaeran ere eragina duela aipatu zuen koalizioak, eta ondare material nahiz inmaterial moduan aitortuak izan daitezen eskatu zuten.

EAJren osoko zuzenketak

Aitor Urresti EAJren udal taldeko bozeramaileak hartu zuen hitza gero. Haren hitzetan, jeltzaleek ez dute bat egiten mozioak jasotzen dituen puntu batzuekin. Aukera berdintasuna eta lehia askea aipatu zituen Urrestik, batetik; eta "legezko paserik ez duen eskaera" dela argudiatu, bestetik.

Mozioari egindako osoko zuzenketa irakurri, eta jeltzaleen proposamena aletu zuen segidan. Urrestik aipatu zuen Jaurlaritzak uretako aisialdiari aplikatu beharreko araudia eguneratzen joateko beharra zuela, kirol portuen egungo egoerara egokitzeko. Izan ere, Urrestiren arabera, erreglamendu berria jasangarritasunean, elkartasunean, baliokidetasunean, lehia askean eta kudeaketa integratuan oinarritu behar da. Kirol portuen kudeaketa etengabe hobetzeko konpromisoan, portuen sektorean inplikatutako arlo ekonomiko, profesional eta sozialekiko partaidetza indartzen jarrai dezala ere eskatu nahi izan dute jeltzaleek.

Alkateari ere zuzendu zitzaion Urresti, Portu eta Itsas Zuzendaritzarekin eta EKPrekin eskuz esku lan egin dezala eskatzeko, "herritarren eskubideak bermatu eta Informazio Batzordean aurrerapenen berri emateko".

Lehenetsi, orekatzeko

Osoko zuzenketaren aurka bozkatu arren, "batzen dituzten puntuetan" jarri nahi izan zuen arreta Haritz Alberdi alkateak. Izan ere, alkateak uste du "zeharka onartzen dela legalki hutsune bat badagoela". Haren hitzetan, portuak asko aldatu dira azken urteotan, baina erabakiek eragin handia izan dute, Donostian kasu. "Moila ez dugu ulertzen getariarrik gabe eta getariarrak moilarik gabe ere ez", azaldu zuen Alberdik. Ondasuna "babestu beharreko zerbait" dela iruditzen zaio, eta, gainera, erabiltzaileen arazoari irtenbidea eman nahi izan diotela nabarmendu zuen.

Jeltzaleek, ordea, "jarrera demagogikoa" eduki izana leporatu zioten koalizioari. Puntu batzuekin ados egon arren, "jarrera eta formak adostasunetik oso urrun" daudela eta legeak halakorik egiten uzten ez duela gaineratu zuen Urrestik.

Koalizioak uste du berme juridikoa badutela proposamena aurrera eramateko. Gerekak aipatu zuen iaz aparkalekuak egoiliarrentzat gordeta ere lehenetsi zituztela herritarrak, eta halakoak egitea aukerak "orekatzea" dela. Asturias, Galizia, Valentzia edota Pasaiako portuetan ere tokian tokiko erakundeek bertako herritarrak lehenetsi dituztela azaldu zuen, gainera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide