Getariako adinekoen eguna igande honetan ospatuko dute herriko edadetuek. Guraso Elkarteak antolatzen du egitaraua Jubilatu eta Ezinduen Elkartearen laguntzarekin, eta egun osoan izango dute zertaz gozatua. Izan ere, musika saioak, meza eta bazkaria prestatu dituzte, eta aurten nor omenduko duten ere jakinarazi dute: Felisa Ganboa Gorostiza, Isabel Berasaluze Uzin eta Jose Azkue Iribar izango dira aurtengo protagonistak.
Egitaraua honakoa izango da:
- 09:30. Getariako Musika Bandarekin kalejira.
- 11:00. Meza nagusia Salbatore Deuna elizan.
- 12:30. Elizan bertan, Getariako Abesbatzaren eta Musika Bandaren kontzertua. Bandak Gallito eta Atalanta eskainiko ditu. Abesbatzak, berriz, Arratseko kanpaiak eta Ilunabarra abestiak. Azkenik, elkarrekin eskainiko dituzte Ixil-ixilik eta Iruinako jaiak kantuak.
- 13:45. Autobusa Itxas Etxe jatetxearen aurrean bazkaltzera joateko.
- 14:15. Bazkaria El txoko de Mikel Bermejo jatetxean, Zumaian. Jarraian, musika eta dantza saioa Aros DJarekin.
- 20:00. Herrira bueltatzeko autobusa.