'Iturritxiki, Getariako badian murgildutako istorioa' liburua aurkeztuko du Aranzadik larunbatean Getarian

Onintza Lete Arrieta 2022ko maiatzaren 31

Ana Maria Benito historialari eta arkeologoak ondu du lana, "20 urte baino gehiagoko ikerketaren ondoren". Aurkezpena 11:00etan hasiko da, Bista Onan. Liburuaren ale bana jasoko dute bertaratzen direnek.

Ana Maria Benito Aranzadiko itsaspeko historialari eta arkeologoak 20 urte baino gehiagoko ikerketaren emaitza plazaratuko du larunbat honetan, ekainaren 4an, Getarian: Iturritxiki, Getariako badian murgildutako istorioa liburua.

Aranzadik prentsa ohar bidez jakitera eman duenez, Getariako badian XX. mendeko azken hamarkadetan egindako ikerketa bildu du Benitok liburuan. "Udalerri horretan Iturritxikiko aztarnategia induskatu zen: XVI. mendean hondoratutako flandestar urka bat, Erdialdeko Europako salgaiak zeramatzana Afrikan esklaboak erosteko. Ikerketa honetan frantsesek 1638an hondoratutako Lope de Hoces-en ontzidiko galeoien aztarnak antzeman ziren. Eta mea-ontzi baten burdinazko zama, harrizko aingura batzuk eta anforatxoak aurkitu ziren".

Ekitaldia 11: 00etan hasiko da Bista Onan, Aldamar kalean. Bertan, itsasoaren aurrean, musika emanaldi batez gozatzeko aukera izango dute herritarrek, eta Benitok "lan garrantzitsu hau lortzeko egin duen lan guztiaren berri" emango du. Sarrera doakoa izango da, eta bertaratzen direnei argitalpenaren ale bat emango zaie.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide