Musika eta dantzarik ez da falta izan Getariako Euskal Jaietan

Juan Luis Romatet 2022ko maiatzaren 28a

Euskal Jaietan murgilduta jarraitzen du Getariak. Gaur trikitixa doinuek eta euskal dantzek hartu dituzte herriko txokoak.

Eguraldia lagun, festetan blai eginda jarraitzen du Getariak. Goizean musika eta dantzak izan dira protagonistak, eta arratsaldean ere ez dute hutsik egingo. Trikitilariek, panderojoleek eta txistulariek esnatu dute herrian, eta eguerdi partera arte jarraitu dute kaleak alaitzen. 

Eguerdian, musika eskolako trikitilari gazteek hartu dute lekukoa. Ondoko herrietako trikitilariek ere bat egin dute gaztetxoen kalejirarekin eta, azkenean, talde polit bat ibili da Getariako kale eta kalestuetan zehar musika jotzen. Plazan jotako fandango eta arin arin batekin bukatu dute gaurko lana, eta berehala lekukoa hartu dute Gazte alaiak txistulariek. Hauen musikarekin aritu dira dantzan herriko plazan, eta izan da, tartean, irrintziren bat botatzera animatu dena ere.

Arratsaldean ere bai

Arratsaldean, 17:00etan hasita, Trikitilari Gazteen Getariako XXI. txapelketa egingo da, eta geroxeo, 19:00etatik aurrera, Usurbilgo Zanpantzarrak arituko dira kalez kale. Kuxkuxku txarangak, berriz, kantu jira egingo du. Eguna bukatzeko, gauari hasiera emateko, erromeria izango da plazan Bada giro! taldearekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide